Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Donald Trump errudun jo dute Stormy Daniels aktore pornoaren isiltasuna erosteagatik
Epaimahaiko hamabi kideek aho batez hartu dute erabakia eta 34 delituengatik zigortu dute. Epaiketa penal batean kondenatu duten Estatu Batuetako lehen presidente ohia da.
Agentziak | EiTB Media
Donald Trumpen aurkako lehen epaiketa penalean epaimahaikide izan diren hamabi kideek errudun jo dute AEBko presidente ohia, Stormy Daniels aktore pornoarekin lotutako auziagatik.
Aho batez erabaki dute hari egotzitako 34 karguengatik errudun deklaratzea. Besteak beste, dokumentuak faltsutzea egotzi zioten, eta Stormy Daniels aktoreari 130.000 dolar ordaintzea, 2006an harekin izandako sexu harremana ezkutatzearen truke.
Epaiketa penal batean errudun jo duten AEBko lehen presidente ohia da Trump.
New Yorkeko epaimahaiaren erabakia da aipatutakoa, baina behin betiko epaia uztailaren 11n iritsiko da. Data horrek, egun gutxigatik, ez du bat egiten Alderdi Errepublikanoaren batzarraren hasierarekin. Izan ere, uztailaren 15ean abiatuko da, eta aurreikusi dutenez orduan izendatuko dute Trump alderdiko hautagai.
Epaitegitik atera eta batera Trumpek esan du "iruzurra" egon dela, epaiketak "epaile ustel bat izan duelako buru". "Benetako epaia azaroaren 5ean ezagutuko da, herriak bozkatzen duenean", adierazi du Presidentetzarako hauteskundeak mintzagai. Ildo horretan, kanpaina diruz laguntzeko donazioak eskatu dizkie jarraitzaileei.
"Azken ordukoa: preso politiko bat naiz", dakar presidente ohiaren kanpaina arduradunek dirua biltzeko zabaldutako webgunean. Bertan, baita, adierazi dute "sorgin ehiza" salatu dute. "Ez dut ezer txarrik egin", nabarmendu du.