Mundua -

Erresuma Batuko hauteskundeak

Laboristek garaipen "historikoa" lortu dute Erresuma Batuko udal hauteskundeetan

Jasotako porrota gorabehera, Alderdi Kontserbadoreak argi dauka Sunak alderdiaren buru izango dela datozen hauteskunde orokorretan.

Hauteskundeak Erresuma Batuan. Argazkia: EFE
Hauteskundeak Erresuma Batuan
Hauteskundeak Erresuma Batuan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erresuma Batuko Alderdi Laboristak garaipen "historikoa" lortu du herrialdeko hainbat barrutitan udal hauteskundeetan. Hala, Rishi Sunak lehen ministroaren Alderdi Kontserbadoreak porrot latza jaso du, azken hamar hilabeteetan jasandako porrotei gehitu zaiena.

Laboristen garaipenen artean, Blackpool Southekoa nabarmentzen da, Chris Webb 10.800 boto baino gehiagorekin gailendu baita 'torien' aurrean (3.200 boto), BBC telebista kate britainiarrak jakitera eman duenez.

Laboristek Redditchen gailentzea ere lortu dute, aurretik irabazitako beste batzuetan bezala, hala nola Hartlepool, Thurrock eta Rushmoorren. Bestalde, kontserbadoreek Harlow eta Farehameko udalak mantentzea lortu dute.

"Blackpool Southeko alderdi aldaketa benetan historikoa da, eta langileen zerbitzura itzuli garela erakusten du", adierazi du Keir Starmer Erresuma Batuko oposizioko buruak.

Zentzu horretan, eguneko emaitzarik garrantzitsuena dela nabarmendu du, boto-emaileek "zuzenean Rishi Sunaken kontserbadoreei" aldaketaren mezua bidali dietelako.

Blackpool Southekoa azken aldian 'torieek' pairatutako porrot bat gehiago da, azken hamar hilabeteetan sei eserleku galdu baitituzte. Ondorioz, Sunakek gero eta presio handiagoa du.

'Torien' presidenteak Sunak babestu du, hauteskundeetan porrot egin arren

Richard Holden Alderdi Kontserbadoreko presidenteak ostiral honetan esan duenez, "ez dago zalantzarik" Sunak izango dela alderdiaren buru datorren hauteskunde orokorretan. Hori bai, "egun gogorrak" datozela iragarri du udal hauteskundeen lehen emaitzen aurrean.

Ingalaterran eta Galesen egindako hauteskundeen hasierako emaitzak kolpe handia izan dira kontserbadoreentzat. Orain arte 122 zinegotzi eta hiru udal galdu dituzte, zituztenen erdia baino gehiago.

Herritarrek ostegun honetan aukeratu zituzten euren ordezkariak Ingalaterrako 318tik 107 udaletan, Erresuma Batuan biztanle gehien dituzten eskualdeetan.

"Lehen ministroak (Rishi Sunak) Alderdi Kontserbadorearen buru izaten jarraituko du hauteskunde orokorretan, eta ez dago zalantzarik", adierazi du alderdiko' presidenteak Times Radio irratian.

Toriek ozta-ozta saihestu zuten barrutietako hirugarren postura erortzea, Mark Butcher Reform UK alderdi nazionalistaren hautagaiak baino 117 boto gehiago besterik ez baitzituzten lortu.

John Curtice hauteskunde adituak iragarri duenez, 'toriek' 500 zinegotzi galduko dituzte alderdiak 40 urtetan lortutako emaitzarik "txarrenetako batean, txarrena ez bada".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Europa Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Ingalaterra Hauteskundeak