Mundua -
MIGRAZIO POLITIKA
Erresuma Batua hasi da Ruandara deportatu nahi dituen migranteak atxilotzen
Joan den hilabetean onartu zuen Erresuma Batuko Parlamentuak asiloa eskatu duten Ruandako migratzaileak deportatzeko plana. Oposizioak zein gobernuz kanpoko erakundeek gogor kritikatu dute arau berria, giza eskubideak urratzen dituela iritzita.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Erresuma Batuko Polizia hasi da Ruandara deportatu nahi dituen migratzaileak atxilotzen. Pasa den astean onartu zuen hango Parlamentuak migrazioa arautzeko lege berria, hainbat eztabaidaren ondoren
James Cleverly Barne ministro britainiarrak gaur azaldu duenez, hamar bat aste barru aterako dira atxilotutako migratzaileak Ruandara eramango dituzten hegaldiak. Buruzagi kontserbadoreak berretsi du "legez kanpoko migrazioari aurre egiteko, neurri aitzindaria" dela Parlamentuak onartutakoa.
Erresuma Batuko Parlamentuak asiloa eskatu duten Ruandako migratzaileak deportatzeko planak apirilaren 23an jaso zuen argi berdea. Hilabeteak eman zituzten plana eztabaidatzen, eta oposizioak kritika gogorrak egin dizkio egitasmoari.
Rishi Sunak Erresuma Batuko lehen ministroak araua onartu berritan esan zuen britainiarren pazientzia "agortu" dela. "Legea onartzen denean, abian jarriko dugu kanporatzeko prozesua lehenengo hegaldirako identifikatutako pertsonekin", azaldu zuen.
Migrazio plan berriak dio "Ruanda herrialde segurua" dela, eta horretan oinarrituko dituzte kanporatzeak. Nazio Batuen Erakundeak eta gobernuz kanpoko erakundeek gogor gaitzetsi dute lege berria, uste baitute giza eskubideak urratzen dituela.