Mundua -
LATINOAMERIKA
Pepe Mujica Uruguaiko presidente ohiak hestegorrian tumore bat duela iragarri du
Mujicak azaldu duenez, tratamendua "konplexua" izango da, duela 20 urtetik duen gaixotasun immunologikoak giltzurrunei eragiten baitie, eta horrek kimioterapia hartzeko "zailtasun nabarmenak" sortzen dizkio, Uruguaiko hedabideek zabaldu dutenez.
AGENTZIAK| EITB MEDIA
Jose Pepe Mujica Uruguaiko presidente ohiak iragarri du tumore bat duela hestegorrian eta ostiralean egindako azterketa mediko batean atzeman ziotela azaldu du prentsaurreko batean.
Mujicak adierazi duenez, "konplexutasun handia du", duela 20 urtetik duen gaixotasun immunologikoa dela eta. Izan ere, gaixotasun horrek giltzurrunei eragiten die, eta horrek kimioterapia hartzeko "zailtasun nabarmenak" sortzen dizkio, Uruguaiko hedabideek zabaldu dutenez.
"Ahal dudan bitartean, militatzen eta nire barazkiekin entretenitzen jarraituko dut. Gorputzak eusten dion bitartean, jarraitu egingo dut (...) gazteei bizitza ederra dela esan nahi diet, eta gastatu eta joan egiten dela", adierazi du presidente ohiak.
"Erortzen garen bakoitzean berriro altxatzea da gakoa, eta liskarrik baldin badago, itxaropen bihur dezatela eta maitasunaren alde borroka egin dezatela, gorrotoak ez ditzala hartu. Inor ez da bakarrik salbatzen", gaineratu du.
"Eskertuta nago eta gero gerokoak", esan du Mujicak, eta kazetariei eskatu die kontu medikuei buruz ez galdetzeko: "Ez dakit zer egingo duten, beraz, medikuntzaz ez galdetu ezer", esan du.
EITBk Pepe Mujica, destino Utopia izeneko dokumentala eskaini zuen 2017an.
2015ean Todos los apellidos vascos programak ere parte hartu zuen.
Azken hauteskundeetan babestu zuen EH Bildutik, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak animoak helarazi dizkio X sare sozialean duen profiletik:
Espainiatik gauza bera egin du Yolanda Diaz Sumarreko buruak eta Latindar Amerikako hainbat buruzagik ere babes osoa erakutsi diote, Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidenteak edota Evo Morales Boliviako presidente ohiak, besteak beste.