Mundua -
astindua
Zazpi pertsona hil dira eta 700 zauritu Taiwanen Richter eskalan 7,2ko indarra izan duen lurrikaran
Biktima kopuruak gora egingo duela uste dute, hainbat pertsona hondakinen artean baitaude harrapatuta. Seismoak Hualien eskualdea (ekialdea) astindu du bereziki. Ondoren hainbat erreplika izan dira eta ez da baztertzen lurrikara gehiago izatea. Azken 25 urteotako seismorik indartsuena da.
Agentziak | EITB Media
Gutxienez zazpi pertsona hil eta 700 zauritu dira gaur Taiwanen Richter eskalan 7,2ko indarra izan duen lurrikaran. Asiako irlan 07:58 zirenean izan da astindua (Euskal Herrian, 01:58an), eta ondorioz hainbat eraikin behera etorri dira eta kalteak ugariak dira.
Hildako guztiak Hualien eskualdean (ekialdea) izan dira. Horietako bi eskalatzaileak dira, Tarokoko Natura Parkean arroila batean zeuden hainbat arroka gainera etorri zaizkienean, CNA albiste agentziak jakinarazi duenez. Tarokorako errepideak ere itxita daude, eta bertan hainbat ibilgailu harrapatuta geratu dira (oraindik ez dakite biktimarik ote dagoen bertan).
Halaber, Suhua autobideko hainbat zati txikituta geratu dira, eta bi tunel behera etorri dira. Hain justu, horietako batean pertsona bat hil eta beste bat zauritu dira.
Azken 25 urteotako lur astindurik indartsuena da honakoa. 1999ko irailean, 7,3ko beste lurrikara batek 2.400 pertsona hil eta 11.000 zauritu zituen.
Lurrikarak itsasoan izan du epizentroa, Hualien eskualdetik 25 kilometro hego-ekialdera, 15,5 kilometroko sakoneran. Hain justu, konderri horretan izan du eragin gehien, uharte guztian sentitu bada ere.
Biktima kopuruak gora egin lezake, erreskate taldean hondakinen artean harrapatuta geratu diren lagunen bila baitira.
Lurrikararen ostean dozena bat erreplika izan dira —gogorrena 6,5 gradukoa— eta Japoniako Meteorologia Agentziak ohartarazi du astindu gogor gehiago izan daitezkeela.
Era berean, Taiwango Zentro Meteorologikoak tsunami alerta ezarri du, baina handik gutxira geratu da bertan behera.
Japonian ere atzeman dute astindua, Okinawa uhartean esaterako. Japoniak ere tsunami alerta jarri du, baina hura ere kendu dute.