Mundua -
Frantzia
Uztailean Alpeetan desagertutako Emile haurtxoaren gorpuzkiak aurkitu dituzte
Haut-Vernet herrixkatik gertu aurkitu zituzten larunbat goizean umetxoaren hezurrak.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Aix-en-Provenceko Fiskaltzak gaur, igandearekin, jakinarazi du Emileren gorpuzkiak aurkitu zituztela atzo goizean. 2023ko uztailaren 8an desagertu zen umetxoa Frantziako Alpeetan, aitona-amonekin oporretan zela.
Haren hezurrak Haut-Vernet herrixkatik gertu aurkitu zituen handik paseoan zebilen oinezko batek. Berehala, jendarmeen ikerketa kriminalen institutura eraman zituzten, helikopteroz.
Familiari gaur eman diote albistea, 09:30ean, Aste Santuko meza batean zeudela.
Le Parisienek aipatutako ikerketaren gertuko iturriek zehaztu dutenez, herrixka horretatik bi kilometrora zeuden gorpuzkiak, mugikortasun handia duen edozein umerentzat erraz iristeko modukoa den leku batean. Hain zuen ere, umearen garezurra eta hortzak aurkitu dituzte.
Ikerketa berriro abiatu dutela jakinarazi dute, halaber, inguruak berriro miatu eta adingabearen hezur gehiago bilatze aldera.