Mundua -
WIKILEAKS
Epaitegiak atzeratu egin du Assangeren helegiteari buruzko erabakia eta ez du berehalakoan estraditatuko
Wikileakseko sortzailearen defentsak emandako argudio batzuk onartu dituzte magistratuek, eta maiatzerako beste auzi saio bat ezarri. Ordurako, akusatua heriotza zigorrera kondenatuko ez dutela bermatu beharko du AEBk.
EITB MEDIA
Londresko Epaitegi Nagusiak atzeratu egin du Julian Assange kazetariak bere estradizioaren kontra aurkeztutako helegiteari buruzko erabakia, eta ez du berehalakoan kanporatuko.
Auzia aztertu duten bi magistratuek Wikileaksen sortzailearen defentsak emandako argudioetako batzuk onartu dituzte, eta maiatzerako beste auzi saio bat ezarri. AEBri hainbat berme eskatu dizkio epaitegiak: hala nola, akusatua ez dutela heriotza zigorrera kondenatuko, epaiketa justu bat edukiko duela eta AEBko Konstituzioaren lehen emendakina (prentsa askatasunari dagokio) errespetatuko dela.
Washingtonek, hortaz, aste batzuk ditu bermeok betetzeko. Halakorik lortzen ez badu, bere estradizioaren kontrako helegitearekin aurrera jarraitu ahalko du Assangek.
Arnasgunea da erabakia Australiako kazetariarentzat. Izan ere, epaitegiak argudioak onartu ez balitu, estradizioa gauzatzeko bidean legoke. Dena dela, Europako Giza Eskubideen Auzitegira jotzea ere bazeukan Assangek.
Erresuma Batuko gobernuak 2022ko ekainean onartu zuen Assange AEBren esku uzteko erabakia. Ordutik, estradizioa nola edo hala blokeatzen saiatu da kazetaria. AEBk 18 delitu egozten dizkio kazetari eta ekintzaile australiarrari, Wikileaks webgunearen bitartez zabaldu zituen sekretuak tarteko.
Stella Assange: "Julianek ez luke espetxean egun bakarra ere eman behar izan"
Erabakiaren berri izatean, haserre mintzatu da Stella Assange Julian Assangeren bikotekide eta abokatua. Horren ustez, auzia "lotsagarrikeria bat da edozein herrialde demokratikorentzat".
"Julianek ez luke espetxean egun bakarra ere eman behar izan", adierazi die epaitegi atarian bildutako kazetariei.