Mundua -

Erresuma Batua

Kate Middleton Galesko printzesak minbizia duela jakinarazi du

Sabeleko ebakuntza bat egin zioten urtarrilean, eta han atzeman zioten gaitza. Kimioterapia hartzen ari dela azaldu du bideo batean.

Kate Middleton.
Kate Middleton.
Kate Middleton Galesko printzesak minbizia duela jakinarazi du

2:15

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kate Middleton Galesko printzesak, William Erresuma Batuko Koroaren oinordekoaren emazteak, ostiral honetan bideo batean iragarri duenez, minbizia diagnostikatu diote eta "kimioterapia prebentiboa" hartzen hasi da.

"Urtarrilean, sabeleko kirurgia handia egin zidaten Londresen, eta une horretan uste zuten nire gaixotasuna ez zela minbizia bat. Kirurgia arrakastatsua izan zen. Hala ere, ebakuntzaren osteko probetan, minbizia arrastoak aurkitu zituzten, eta, beraz, nire mediku taldeak gomendatu zidan kimioterapia prebentibo bat egiteko. Hala, hasierako faseetan nago orain", esan du Kate Middletonek.

Otsailean, Charles III.a erregeak, zehaztu gabeko minbizia duela jakinarazi ostean, Galesko printzesaren (42 urte) osasun egoerari buruzko zurrumurruak kontaezinak izan dira azken hilabeteotan. 

"Ondo nago, eta egunez egun indarrak hartzen, arima, gorputz eta gogo, sendatzen lagunduko didaten gauzetan zentratuta", esan du. 

Urtarrilaren 16an ebakuntza egin ziotenetik hona igarotako bi hilabeteak "ikaragarri gogorrak" izan direla azaldu du, eta albisteak "jota" utzi duela familia osoa. 

"Denbora behar izan dut ebakuntzatik osatzeko, gero tratamenduari ekin ahal izateko. Baina, garrantzitsuagoa dena, gure seme-alabei (George, Charlotte eta Louis), eurentzat egokia izan zitekeen moduan dena azaltzeko denbora behar izan dugu, eta haiek lasaitzeko eta ongi egongo naizela esateko", gaineratu du. 

William printzea alboan izateak ematen dion "babes eta lasaitasuna" nabarmentzearekin bat, Galesko printzesak "denbora, espazioa eta pribatutasuna" eskatu ditu tratamenduak irauten duen bitartean. 

Minbiziadun guztiak gogoan hartu ditu Middletonek, eta itxaropena ez galtzeko eskatu die. 

Kensington Jauregiak (Galesko printze-printzesaren bizitoki ofiziala) azaldu duenez, ez dute minbiziaren nolakotasunari buruzko nahiz tratamenduaren iraupenari buruzko inongo informaziorik emango, eta printzesaren "osasun-pribatutasunerako eskubidea" aldarrikatu du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Minbizia albisteak Eguneko albisteak Albisteak Charles III.ari buruzko azken berriak Ingalaterra