Mundua -
ATENTATUA ERRUSIAN
Gutxienez 40 pertsona hil dituzte Moskuko kontzertu-areto batean, tiroz
Kamuflajezko jantziak zeramatzaten zenbait pertsona tiroka hasi dira Crocus City Hall aretoan. Gainera, bi leherketa izan dira.
EITB Media
Jantzi militarrak zeramatzaten zenbait pertsona tiroka hasi dira Moskuko kontzertu areto batean, eta gutxienez 40 pertsona hil eta 100 baino gehiago zauritu dituzte, Errusiako iturri ofizialen arabera. Bi eztanda entzun dira, eta sutea piztu da bertan.
Crocus City Hall aretoan izan da atentatua, 6.000 pertsona barruan zeudela. Bi leherketa erregistratu diren eraikina sutan dago une honetan.
Berri agentziek zabaldu dutenez, ehunka pertsona harrapatuta daude bertan.
Errusiako agintariek ikerketa bat jarri dute abian ustez atentatu terrorista izan daitekeena argitzeko, baina ez dago oraingoz atxiloturik.
Biktima kopurua handia izango dela dirudi eta 70 anbulantziatik gora bertaratu dira lehen minutuetan.
Ssare sozialetan partekatutako irudietan erasotzaileak ikus daitezke jendetzaren aurka tiro egiten, eta, gainera, Moskuko alkateak hasieratik aitortu du "tragedia larria" izan dela. "Gaur tragedia larria gertatu da Crocus City Hallen. Nire doluminak hildakoen senideei", idatzi du Telegramen.
Moskuko Udalak bertan behera utzi ditu asteburuan egitekoak ziren ekitaldi jendetsu guztiak, eta hiriburuko aireportuetan zorroztu egin dituzte segurtasun neurriak.
Bestalde, Ukrainak ukatu egin du erasoarekin loturarik izatea. "Ukrainak ez du zerikusirik tiroketarekin; ez luke zentzurik", adierazi du Mikhailo Podoliak Kieveko Gobernuko aholkulari nagusiak X sare sozialean.
Tamaina honetako azken atentatua 2011n gertatu zen Moskun. Orduan, bonba-auto batek 37 pertsona hil eta 172 zauritu zituen Domodedovo aireportuan.
Washingtonen ohartarazpena
Washingtonek duela bi aste ohartarazi zion Moskuri ekitaldi jendetsuen aurkako eraso terrorista izateko arriskua zegoela, eta estatubatuarrei jende pilaketak saihesteko aholkatu zien.
John Kirby AEBko Segurtasun Nazionaleko bozeramaileak babesa helarazi die biktimei, eta adierazi du ez dagoela Ukrainak erasoan parte hartu duela pentsatzeko zantzurik.
Errusiak horren harira esan duenez, AEBk gertakariaren inguruko informazioa balu, Kremlinekin partekatu beharko luke berehala, eta Washingtoni leporatu dio beste herrialde baten errugabetasunean jartzea arreta beste ezeren gainetik.