Mundua -

Argentina

Mileiren alderdiak abortuaren legeztatzea indargabetzeko lege proiektua aurkeztu du

2020ko abendutik, 14. astera arte haurdunaldia etetea legezkoa da Argentinan. Alderdi ultraeskuindarrak are murriztaileago egin nahi du legea, osasunerako arriskuaren eta sexu erasoaren baldintzak ere kenduta.

"Marea Berde"ko hainbat emakume abortuaren legeztatzea ospatzen. Artxiboko irudia: EFE
"Marea Berde"ko hainbat emakume abortuaren legeztatzea ospatzen.
"Marea Berde"ko hainbat emakume abortuaren legeztatzea ospatzen. Artxiboko irudia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Libertad Avanza (LLA) alderdiko (Javier Milei Argentinako presidentearen alderdia) diputatuek abortuaren legeztatzea indargabetzeko lege proiektua aurkeztu du. Duela hiru urte pasatxo sartu zen indarrean emakumeei 14. astera arte haurdunaldia eteteko aukera ematen dien araua. 

Duela bi egun aurkeztu zuten lege egitasmoa, eta Zigor Kodean 2020an egindako moldaketak atzera botatzea du helburu. Are gehiago, 1921eko zigor kodea baino murriztaileago izatea proposatu du, bertan jasota zeuden baldintzetako bi kenduta. Amaren osasunarentzat arriskua egon arren edota emakumea sexu eraso baten biktima izan bada ere, ezingo da abortatu. Hori horrela, ia kasu guztietan zigortu ahalko da emakumea haurdunaldia eteteagatik. 

Lege proposamenaren arabera, abortua egiten duen edozein pertsonak jasoko luke zigorra. Gainera, abortua gauzatzen edo horretan laguntzen duten osasun langileentzat "gaitasungabetze berezia" jasotzearen alde egin dute. 

Alberto Fernandezen agintaldian onartu zuten Argentinan abortuaren legeztatzea, mugimendu feministaren borrokaren ostean. 2020ra arte, bi kasutan bakarrik baimentzen zen abortua: haurdunaldia sexu eraso baten ondorio bazen, edota emakumearen osasunerako arriskua bazegoen. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Abortua Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Argentina Alderdi ultrakontserbadoreen azken ordukoa