Mundua -
Wikileaks
Ekuadorrek Assangeri babesa emateko 11 argudioak
Ekuadorrek babes diplomatikoa eman dio Julian Assange Wikileakseko sortzaileari, "jazarpen politiko" baten biktima delakoan.
Erredakzioa
Hauek dira Ricardo Patiño Ekuadorreko Atzerri ministroak irakurritako argudioak:
1.- Julian Assange hedabidetako profesionala da, eta nazioarteko sariak eman dizkiote adierazpen askatasunaren, prentsa askatasunaren eta giza eskubideen alde egindako lanagatik.
2.- Assangek hainbat iturritatik lortutako txosten pribilegiatuak partekatu zituen.
3.- Assange jaunaren segurtasuna eta bizitza arriskuan izan litezke.
4.- Ekuadorrek kudeaketa diplomatikoak egin baditu ere, [Assangeren estradizioa nahi duten herrialdeek] errefusatu egin dute bermeak ematea.
5.- Ekuadorreko agintariak ziur daude posible dela Assange Europar Batasunetik kanpoko herrialde batera estraditatzea, segurtasun berme nahikorik gabe.
6.- Argi dago Assangek ez duela epaiketa bidezkoa izango AEBetara estraditatzen badute. Baliteke epaitegi berezi edo militar batean epaitzea, eta sinesgarria da pentsatzea tratu krudela emango diotela eta heriotza zigorra edo biziarteko espetxe zigorra ezarriko diotela.
7.- Suedian ikerketua izan behar bada ere, Ekuadorrek jakin badaki herrialde horretako Fiskaltzak ukatu egin ziola Assangeri defentsarako eskubide zilegia.
8.- Ekuador ziur dago Assangeren eskubide juridikoak urratu egin zituztela aipatu ikerketan.
9.- Ekuadorrek egiaztatu egin du Assangeren herrialdeak ez diola babesik eman.
10.- Erresuma Batuko, Suediako eta AEBetako hainbat funtzionariok egindako adierazpen diplomatikoak ikusita, ondoriztatu egin da Gobernu horiek ez lituzketela errespetatuko nazioarteko itunak.
11.- Suedian behin-behineko espetxealdia ezartzen badiote, balizko estradizioa saihesteko neurriak hartzea galaraziko lukete.