Mundua -

GUATEMALA

Guatemalako presidente kargua hartu du Arevalok, Kongresua inbestidura saioa galarazten saiatu ondoren

Aurreikusitakoa baino ia hamar ordu geroago hartu du presidente kargua Bernardo Arevalo aurrerakoiak. Tensio handiko saioa izan da, oztopo judizialen eta Kongresuko tirabiren ondorioz.

Bernardo Arevalo, Guatemalako presidente kargua hartu berritan. Argazkia: EFE
Bernardo Arevalo, Guatemalako presidente kargua hartu berritan.
Bernardo Arevalo Guatemalako presidente izendatu dute, ekitaldia hainbat orduz atzeratu ondoren

0:38

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Inbestidura saio tirabiratsu eta luze baten ondoren, azkenean, gaur goizaldean izendatu dute Guatemalako presidente Bernando Arevalo de Leon, Semilla Mugimenduko hautagaia. Kongresua osatzen duten 160 parlamentarioek kredentzialak hartu dituzte aurretik, eta tentsio handiko uneak egon dira prozedura horretan. Horri guztiari, epaitegietatik iritsi diren trabak gehitu zaizkio, eta ondorioz, aurreikusita zegoena baino ia hamar ordu geroago hartu du presidente kargua Arevalok.

Iazko abuztuan egin ziren hauteskundeetan, botoen % 58 lortu zituen hautagai aurrerakoiak. Ustelkeriaren eta atzerakada demokratikoaren aurka egitea agindu du kargua hartu berritan egin duen hitzaldian. "Autoritarismo gehiago ez", esan du.

Kongresuan izandako saio gorabeheratsuak kalean ere izan du erantzuna. Arevaloren milaka jarraitzaile kalera atera dira, presidente berriari babesa azaltzera.

Hauteskundeen ondotik, oso zatituta geratu da Guatemalako Behe Ganbera, eta ez du legealdi erosoa izango Arevalok.

Semilla Mugimenduaren sortzaileetako bat da Arevalo. 2015ean Gautemalan ustelkeriaren aurka izandako manifestazioetatik sortu zen alderdi hori, eta, besteak beste, egun espetxean dagoen Otto Perez Molina Gobernutik kentzea ekarri zuen mugimendu hark. "Guatemalako gazteei esker hitz egin dezaket gaur oholtza honetatik", adierazi du presidente izendatu berriak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Hauteskundeak Guatemala