Mundua -

INDARKERIA OLDEA

Ekuadorko presidenteak "gerra" deklaratu die talde kriminalei

"Terroristen presioen" aurrean ez duela amore jakinarazi du Noboak, eta talde kriminaletako kideen aldeko ebazpenak ematen dituzten epaileei eta fiskalei ondorengo mezua helarazi die: "Horiek ere terroristatzat hartuko dira".

Latacungango hainbat preso, indarkeria ekintzak amaitzea eskatzen. Foto: EFE
Latacungango hainbat preso, indarkeria ekintzak amaitzea eskatzen.
Ekuadorko segurtasun indarrek ''329 terrorista'' atxilotu eta bost hil dituzte

0:42

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Gerra egoeran gaude eta ez dugu amore emango terroristen aurrean". Hitzokin, Daniel Noboa Ekuadorko presidenteak gerra deklaratu die azken egunotan herrialde horretan indarkeria ekintzak muturrera eraman dituzten antolatutako talde kriminalei. Asteartean egoera lehertu ostean eskaini duen lehendabiziko elkarrizketan egin ditu adierazpen horiek Noboak, Radio Canela irrati-katean.

Presidente ekuadortarraren hitzetan, herrialdearen "segurtasun eza" da bere Gobernuaren "kezka" nagusiena, eta arazo horri konponbidea ematea mahai gainean duten "lehentasuna". Iazko urrian hauteskundeak irabazi orduko, indarkeriaren kontrako neurriak hartzen eta ezartzen ari direla ziurtatu du Noboak, eta azken asteotako ekintzak "neurri horien kontrako erantzuna" izan direla uste du.  

Gaizkileei ez ezik, "talde kriminaletako kideen aldeko erabakiak" hartzen ari diren fiskalei eta epaileei ere igorri die mezua presidenteak: "Horiek ere terroristatzat hartuko dira", esan du.

"Barne gatazka armatua" ezarri du Noboak asteon, eta Estatuaren egonkortasuna kolokan dagoela adierazi. Azken orduotan, "329 terrorista" atxilotu ditu Ekuadorko Poliziak, eta bereziki espetxetan segurtasun neurriak zorrozteko ahaleginean ari da Gobernua.

Besteak beste, talde armatu bat Guayaquilgo telebista kate baten egoitzara sartu zen asteartean, zuzenean ari zirela, eta han zeudenak bahituta eduki zituzten zenbait orduz. Kalean ere dozenaka auto erre dituzte eta espetxeetan matxinadak izan dira, Gobernua ezartzen ari den neurriak salatzeko. Noboak zabaldutako datuen arabera, gutxienez 139 langile publiko daude talde "talde kriminalek bahituta" bost espetxetan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Ekuador