Mundua -
peru
Peru, Alberto Fujimori presidente ohia noiz askatuko zain
Auzitegi Konstituzionalak buruzagi izandakoa berehala askatzeko agindu zuen atzo, 2017an eman zioten indultua betearazita. Barrios Altos eta La Cantutan egindako sarraskiengatik 25 urteko kartzela zigorra jazo zuen Fujimorik, gizateriaren kontrako delituak egotzita.
Agentziak | EITB Media
Peru zain dago atzotik. Herrialdeko Auzitegi Konstituzionalak Alberto Fujimori presidente izandakoa berehala aske uzteko agindua eman zuen atzo, 2017an eman zioten indultua betearazita.
Fujimori gizateriaren kontrako krimenengatik 25 urteko kartzela zigorra ari zen betetzen Barbadilloko espetxean. Aurreikuspenen arabera, asteazkenean aterako da kartzelatik. Bere defentsaren arabera, 85 urteko gizonak oso osasun eskasa du, eta horregatik, kartzelatik kanpo bete beharko luke zigorra.
Eskaera horri men egin zion, esan bezala, Auzitegi Konstituzionalak, iaz Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrak kontrakoa ebatzi arren.
Albistea ezagutu zenetik, Barbadilloko kartzelaren kanpoaldean batu dira Fujimoriren jarraitzaileak. Ifrentzuan, Barrios Altos eta La Cantutako sarraskietako biktimen senitartekoek (horiengatik zigortu zuten presidente ohia) protesta egin dute Limako justizia jauregiaren aurrean.
Fujimori auzia 2017an abiatu zen. Pedro Pablo Kuczynski orduko Peruko presidenteak indultua eman zion, arrazoi humanitarioak argudiatuta. Erabakiak hautsak harrotu zituen, eta bere agintaldian (1990-2000) egindako sarraski eta bahiketetan hildakoen familiek helegitea aurkeztu zuten. Justiziak arrazoia eman zien 2018ko udan, eta ordutik, borroka judizial betean izan dira bi aldeak.
Iazko apirilean, Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrak barkamen neurria bertan behera utzi zuen, eta arrazoi humanitarioengatik Estatuak indultua eman ezin dituen baldintzak ezarri zituen.
Giza Eskubideen Auzitegiak Fujimori ez askatzea eskatu du
Hain justu, erakunde horrek Auzitegi Konstituzionalaren erabakia ez betetzeko galdegin die Peruko agintariei, ez behintzat epaia ondo aztertu arte. 2022an ezarritako baldintza horiek betetzen ote diren argitu nahi du auzitegiak.
Horren ustez, biktimen "justiziarako eskubidean kalte konponezina egitea" saihestu behar da.
Barrios Altos eta La Cantutako sarraskietako biktimen defentsa "erabat harrituta" dagoela esan du. Carlos Rivera abokatuak nabarmendu duenez, "Nazioarteko auzitegi baten epaia ez betetzeko hautua egin du Peruko Estatuak".
Sarraskiongatik ez ezik, Fujimorik beste auzi batzuk ere baditu zabalik. Bere agintaldiak iraun dituen 10 urteotan, 350.000 emakume eta 25.000 gizon indigena esterilizatzera behartzeagatik auzipetuta dago.