Mundua -

Paris

Versaillesko jauregia berriro hustu dute, beste bonba mehatxu batengatik

Joan den larunbatean, arrazoi beragatik, Versaillesko jauregia, Louvre museoa eta Parisko Lyon geltokia itxi zituzten, baina azkenean ez zuten lehergailurik aurkitu.

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Versaillesko jauregia lau egunean bigarren aldiz itxi dute astearte honetan, Parisen, beste bonba mehatxu batengatik. Erakundeak sare sozialetan azaldu duenez, "segurtasun arrazoiak" tarteko, itxita egongo da egun osoan.

Joan den larunbatean arrazoi beragatik Versaillesko jauregia, Louvre museoa eta Parisko Lyon geltokia itxi zituzten, baina gerora Frantziako Barne ministroak baieztatu zuen mehatxu faltsuak izan zirela.

Azken egunetan, Frantziak alerta terroristaren maila areagotu du, bereziki, Israelen eta Hamasen arteko gerra abiatu eta gero Arraseko institutu batean ikasle ohi batek irakasle bat hil eta beste bi larri zauritu ondoren.

Atzo goizean, atentatuaren ondoren Arraseko institutuan eskolak berriz hasi behar zirenean, hustu egin zuten, beste bonba abisu faltsu baten ondorioz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Zer gertatu da Parisen? Frantzia albisteak Eguneko albisteak Albisteak Macronen Gobernua