Mundua -
Su-etena
Karabakh Garaiaren aurkako eraso militarra eten du Azerbaijanek
Dirudienez, Karabakh Garaia errepublika izendatu zuten agintariek amore eman eta onartu egin dute taldeak armagabetzea.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Atzo, asteartea, Karabakh Garaian hasitako operazio militarra bertan behera utzi du Azerbaijanek, akordio batera iritsi ostean. Dirudienez, Karabakh Garaia errepublika izendatu zuten agintariek amore eman eta onartu egin dute taldeak armagabetzea.
"Karabajen bizi diren armeniarren ordezkariek egindako deialdiari men, 2023ko irailaren 20an, 13:00ean (19:00ak GMT), terrorismoaren aurkako neurriak eteteko akordioa itundu dugu, iragarri du Azerbaijango Defentsa Ministerioak.
"Azerbaijango Errepublikako Karabaj eskualdean zeuden talde armatu armeniarrek eta Armeniako talde armatu ilegalek armak eta erasoak alboratuko dituzte, eta desarmatu egingo dira", esan dute Bakutik.
Gainera, "Armeniako Indar Armatuetako unitateek Azerbaijango eskualdea utziko dute, eta Armeniako talde ilegalak desegin egingo dira", erantsi du.