Mundua -
Hondamendi naturalak
Marokon biktima berrien bila jarraitzen dute hondakinen artean
Bart herrialdea astindu zuen 7 graduko lurrikararen epizentrotik gertu dauden herri batzuetan, hondakin mendixkak pilatu dira. Azpian, biktimak daude oraindik.
Agentziak | EITB Media
Maroko astindu duen lurrikararen osteko lehen orduak frenetikoak izaten ari dira, 1.037 hildako eta 1.294 zauritu baino gehiagorekin. Hondakinen azpian biktima berriak topatzeko, etengabe lanean ari da herrialdea nazioarteko laguntza iritsi bitartean, baina erreskate lanak zailak izaten ari dira gehien zigortutako eremuetan.
Lurrikararen epizentrotik gertu dauden herri batzuetan, Amizmizen, esaterako, hondakin mendixkak pilatu dira. Azpian, biktimak daude oraindik.
Hildakoen erdiak, 542, Al Hazoud eskualdean biltzen dira. Herrixka txiki ugari daude bertan, eta batzuk erabat suntsituta geratu dira. Etxe horietako asko adobez eginak daude, eta lur nahasiak ez die eutsi 7 magnitudeko lurrikararen astinduei.
Gaur, herri horietako askotako etxeetan izaten ari dira erreskate lanak, bertako biztanleak kalean bizi diren bitartean.
Bitartean, munduko osoko agintariek eta gobernuek laguntza eskaini diote Marokori, lurrikara suntsitzailearen ondoren.
Hala, Europako Batzordeak Copernicus Larrialdiak Kudeatzeko Zerbitzua aktibatuko duela iragarri du, herrialdeari mapen bidez laguntzeko, eta Andaluziako hogeita hamar suhiltzaile inguru nazioarteko taldeetako kide izango dira, bizirik atera litezkeen pertsonak erreskatatzeko lanetan laguntzeko.
Bestalde, Aljeriako agintariek iragarri dute berriro irekiko dutela bi urte lehenago itxitako aire eremua, hegaldi humanitarioak egiteko eta zaurituak garraiatzeko.
Gainera, Ekialde Ertaineko hainbat herrialdek elkartasuna adierazi diote Marokori, eta babesa eskaini diote. Alemaniak ere laguntza emateko prest dagoela adierazi du.