Amarauna -
Lurrikara Marokon
Lur Uribarren mendi gidaria Marrakextik: "Beldur handia pasa dugu, erotzekoa izan da"
Marrakexera iritsi berri ziren Uribarren eta mendi taldea lurrikara gertatu denean. Gaua kalean eman dute eta oso une latzak bizi izan dituztela kontatu du larunbat goizean Euskadi Irratian.
Gorka Otaegi | Olatz Prat | EITB Media
Lur Uribarren mendi gidari elantxobetarra Marrakexen harrapatu du bart Maroko astindu duen lurrikarak. Bezperan iritsia zen hara, mendi taldearekin, eta hotelean atseden hartzen ari zirenean nabaritu dute astindua.
Euskadi Irratian kontatu duenez, korrika atera eta Marrakexko erdiguneko plaza zabal batera joan dira ehunka hoerritarrekin batera. "Beldur handia" pasa dute: "Hotela gainera zetorkigula pentsatzen genuen; ez genekien lurrikara ala atentatua zen". Soinean zeramatenarekin korrika atera direla kontatu du. "Taldea ondo egon gara, ondo konpondu gara denok eta elkar lasaitzen egon gara, baina kaosa izugarria izan da, Jendea korrika, garraxika, familiak haurren bila". Anbulantzien joan-etorria etengabea izan da gauean eta baita oraindik ere, egoera "erotzekoa izan da".
Egunak argitu duen arte ez diete utzi hotelera euren gauzen bila sartzen, eta gaur goizean, sartu direnean, zur eta lur gelditu dira ikusitakoarekin, pitzatuak eta kristal hautsiak topatu baitituzte nonahi.