Mundua -

HONDAMENDI NATURALA

Milatik gora dira dagoeneko Marokoko lurrikaran hildakoak

1.200 dira, gutxienez, zauritutakoak eta hondakin artean bizirik egon daitezkeen pertsonak bilatzea da orain lehentasun. Ritcher eskalan 6,9ko indarreko lurrikara izan da bart, Atlas mendi ingruan. Marrakex eta Agadir artean izan du epizentroa eta txikizio handia eragin du.

Emakume batzuk, elkar besarkatzen, Amizmiz herrian. Argazkia: Efe
Emakume batzuk, elkar besarkatzen, Amizmiz herrian. Argazkia: Efe
Marokoko lurrikararen unea grabatu du kaleko kamera batek

0:24

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1.305 lagun hil dira gutxienez Marokon bart izan den lurrikararen ondorioz. Hala jakinarazi du Barne Ministerioak arratsaldean egin duen behin behineko azken balantzean. Halaber 1.220dik gora zauritu daude, horietako asko, larri. Ritcher eskalan 6,9 graduko maila izan duen lurrikara batek Maroko astindu du ostiral gauan. Lurrikara herrialdeko hiri ezberdinetan nabaritu da. Epizentroa Marrakex eta Agadir artean egon da.

Barne Ministerioak zehaztu du 542 Al Haouz probintzian hil direla (Marrakex hegoaldean eta erdigunetik gertu), beste 321 Taroudanten, 103 Chichaouan, 38 Ouarzazaten, 13 Marrakexen, 11 Azilalen, 5 Agadirren, 3 Casablancan, bat Tinguirren eta beste bat Al Youssufian. Gaineratu duenez, biktimak ospitalera eramaten ari dira beharrezko osasun arreta jaso dezaten.

Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri Gaietarako ministroak adierazi du oraingoz ez dutela espainiar nazionalitateko hildakoen edo zaurituen berririk.

Geofisikako Institutu Nazionalak alerta jakinarazpen batean zehaztu du lurrikara Ighlilen izan dela, Al Haouz probintzian.

Marokoko Armada eta Larrialdi eta Babes Zibileko zerbitzuak zaurituak eta kaltetuak artatzeko lanean ari dira, eta hondakinen azpian harrapatuta geratu direnak erreskatatzen.

Dardara bertako 23:10 aldera nabaritu da Marrakexetik Rabat hiribururaino. Izan ere, lurrikararen erdigunea Marrakex eta Agadir artean egon omen da, kalte handienak izan diren lekuan. Hala eta guztiz ere, oraindik goiz da kalteak zenbaterainokoak diren jakiteko.

Hespressi egindako adierazpenetan, Marokoko Geofisika Institutu Nazionaleko buruak azaldu du ehunka lurrikara errepikapen izan direla, baina gehienak ez direla nabaritu ere egin.

Nacer Jabour Geofisika Institutu Nazionaleko zuzendariak baztertu egin du segidan lurrikara gehiago egongo direnik.

Bestalde, Espainiako Geografia Institutu Nazionalak, berriz, esan du 4,8 graduko maila izan duen beste lurrikara bat izan dela Berrechid hirian.

Andaluziako 112 larrialdi zerbitzuak dozenaka dei jaso ditu Huelvan, Sevillan, Malagan eta Jaenen nabaritu den lurrikaragatik. Hala ere, oraingoz ez da inolako kalterik izan Andaluzian.

Nazioartearen elkartasuna eta laguntza

Lehendakariak elkartasuna eta gertutasuna helarazi dizkie Marokori eta hango enbaxadari lurrikararen ondorioengatik.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak ere elkartasuna eta doluminak helarazi dizkie marokoarrei.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea atsekabetuta agertu da lurrikararen ondorio larriengatik, eta Frantziako Estatua Afrika iparraldeko herrialdeari laguntzeko prest dagoela adierazi du.

Josep Borrell Europar Batasuneko Kanpo Gaietarako Goi Ordezkaria ere "Marokok behar duen laguntza guztia emateko prest" agertu da.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak doluminak helarazi nahi izan dizkio Mohamed VI.a Marokoko erregeari "lurrikara bortitzaren ondorio latzengatik".

New Dhelin egiten ari diren G20ren goi-bileran, Narendra Modi Indiako presidenteak ahalik eta azkarren osatzea opa die zaurituei, eta bere herrialdearen laguntza eskaini du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Lurrikarak Maroko Sumendien erupzioek kaltetutakoak