Mundua -
Wikileaks
Garzonek defendatuko du Julian Assange
Epaile ohia eta Wikileaksen sortzailea batzartu egin dira dagoeneko, Ekuadorrek Londresen duen Enbaxadan.
Erredakzioa
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile ohia izango da Julian Assange Wikileaksen sortzailearen abokatua, webguneak berak baieztatu duenez.
Garzon eta Assange dagoeneko batzartu dira, Ekuadorrek Londresen duen Enbaxadan. Wikileakseko sortzailea bertan da ekainaren 19tik. Egun horretan, babes politikoa eskatu zion Quitori.
Wikileaksek agiri batean azaldu duenez, Garzonek "kezka larria" agertu du, Assangeren aurkako prozesu judizialak "bermerik" ez duela iritzita. Halaber, haren aurkako "jazarpenak" ondorio "konponezinak" izango dituela ohartarazi du.
Hain zuzen ere, epaile ohiak Assange bera eta Wikileaks webgunea defendatuko ditu.
Wikileaksek argitaratutako idatziak dioenez, epaile ohiak iraultza ekarri zuen nazioarteko justiziara duela bi hamarkada, Augusto Pinochet Txileko diktadore ohia atxilotzea agindu zuenean. "Aurrerapauso handiak eman zituen inpunitatearen aurkako borrokan", txalotu du.
Assangek babes politikoa eskatu zion Ekuadorri ekainaren 19an, Erresuma Batuak eta Suediak AEBetara estraditatuko duten beldur baita.