Mundua -

Migrazioa

Gutxienez 27 migratzaile hil dira Greziako suteetan

Greziako Gobernuak hemezortziren heriotza konfirmatu du. Alarm Phone GKEak jakinarazi du beste 250 migratzaile daudela suak inguratuta Evros ibaiaren inguruan, Turkia eta Greziaren arteko mugan.

Atenas inguruko ganaduzale bere animaliak salbatu nahian. Argazkia: EFE.
Atenas inguruko ganaduzale bere animaliak salbatu nahian. Argazkia: EFE.
Atenas inguruko ganaduzale bere animaliak salbatu nahian. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteburutik Grezian piztuta dauden baso-suteek 28 lagun hil dituzte Evros ibaiaren inguruan, eta 43.000 hektarea baino gehiago erre dituzte. Larrialdi zerbitzuen ustetan, hildakoetatik 27 Turkiatik Greziara igaro berri ziren migratzaileak ziren.

Hasiera batean, 18 pertsonaren gorpuak aurkitu dituzte suteen aurka borrokan ari diren suhiltzaileek Dadiako basoan, Turkiako mugatik gertu. Greziako Immigrazio ministroak, Dimitris Kairides kontserbadoreak, migratzaile horien heriotza baieztatu du eta "immigrazio irregularraren arriskuei" egotzi die gertatutako "tragedia".

Hildako guztiak gizonezkoak ziren, eta bi adin txikiko zeuden tartean, Greziako agintariek jakinarazi dutenez. Bi eta hiru laguneko taldeetan aurkitu dituzte, 500 metroko tartean.

Handik gutxira, beste zortzi laguneko talde bat aurkitu dute, kiskalita. Horiek eta ordu batzuk lehenago jaso duten beste gorpu bat migratzaileenak zirela uste dute, baina Kairides ministroak ez du horiei buruzko ezer adierazi.

Horrez gainera, bere etxe abereak salbatu nahian hil den ganaduzale baten heriotza ere konfirmatu dute. Ondorioz, 28 dira momentuz suteetan hildakoak.

Horri guztiari Alarm Phone gobernuz kanpoko erakundeak X sare sozialean (lehen Twitter) egin duen alerta deia gehitu behar zaio. GKEak laguntza eskatzeko deia jaso du. Horren arabera, 250 migratzaile suak inguratuta daude Evros ibaiko bi uharte txikitan.

Zortzi sute handi daude indarrean une honetan Grezian. Horietako larriena larunbatean hasi zen, Alexandroupoli hiritik gertu, eta bertako ospitalea ebakuatu behar izan dute garrak gertu daudelako. Dadiako basoa hiri horretatik iparraldera dago, eta Turkiatik muga igarotzen dutenen ohiko pasabidea da. Greziako agintariak arduratuta daude baso horretan hildakoen kopurua altuagoa izan daitekeelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Europa Suteak Grezia Eguneko albisteak Albisteak Turkia Hondamendi naturalen biktimak