Mundua -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Trump auzipetu dute, 2020ko hauteskundeetan Georgiako emaitzak manipulatzen saiatzea egotzita

Georgiako epaimahai batek AEBko presidente ohiaren eta beste 18 pertsonaren aurkako karguak aurkeztu ditu. Besteak beste, Rudy Giuliani New Yorkeko alkate ohia eta Mark Meadows kabinete buru ohia daude akusatuta.

Donald Trump AEBko presidente ohia, artxiboko argazki batean. Argazkia: EFE
Donald Trump AEBko presidente ohia, artxiboko argazki batean
Donald Trump AEBko presidente ohia, artxiboko argazki batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Georgiako epaimahai batek Donald Trump AEBko presidente ohiaren aurkako karguak aurkeztu ditu 2020ko hauteskundeetan estatu horretako emaitzak manipulatzen ahalegintzea egotzita. Halaber, beste 18 pertsona auzipetu ditu, tartean, Rudy Giuliani New Yorkeko alkate ohia eta Mark Meadows kabinete buru ohia.

Ia 100 orrialdeko akusazio txostenaren arabera, presidente ohiari 13 kargu leporatzen dizkiote, tartean, kargu publiko bati bere juramentua urratzeko eskatzea edo kargu publiko baten itxurak egiteko konspiratzea.

Hala ere, Trumpen eta gainerako auzipetu guztiei egozten dioten deliturik larriena Georgiako ustelkeriaren aurkako legea urratzea da, eta, baieztatuz gero, espetxe zigorra ezar diezaiekete.

Fani Wallis auziko fiskalak prentsaurreko batean azaldu duenez, Georgiako 2020ko hauteskunde emaitzak iraultzeko konspirazio kriminal baten parte izatea leporatzen diete 19 auzipetuei.

Fiskalak datozen sei hilabeteetan eta aldi berean egin nahi du akusatu guztien aurkako epaiketa.

Halaber, auzipetu guztiak atxilotzeko agindua eman dute eta abuztuaren 25era arteko epea dute beren borondatez aurkezteko.

Trumpen aurkako laugarren akusazioa da.

Trump ziur dago aske utziko dutela

Bestalde, Trumpek adierazi du ziur dagoela bere kontrako laugarren inputaziotik salbuetsiko dutela. "Georgian izandako hauteskunde iruzurrari buruzko txosten handi, konplexu, zehatz baina ukaezina ia osorik dago, eta prentsaurreko garrantzitsu batean aurkeztuko dut", adierazi du agintari ohiak sare sozialetan.

Aurkezpena datorren asteko astelehenean izango da, Bedminsterren, New Jerseyn, eta txosten "eztabaidaezina" izango da, haren eta inputatutako beste 18 lagunen aurkako "kargu guztiak" kentzeko. "Erabateko salbuespena egongo da! Ez zituzten inoiz hauteskundeak manipulatu zituztenak jazarri", adierazi du Trumpek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Delituak bideoak Hauteskundeak AEB bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Donald Trump