Mundua -

Suedia

Bi hildako eta beste bi zauritu Stockholmen, arma automatikoekin izandako tiroketa batean

Biktimak 15 urteko bi mutil, 45 urteko gizon bat eta 65 urteko emakume bat dira, 'Aftonbladet' egunkari suediarrak jakinarazi duenez. Erasoaren ustezko erantzule diren bi susmagarri atxilotu dituzte, Polizia haiei segika ibili ostean.

Polizia, tiroketa izan den tokian, lanean. EFE.
Polizia, tiroketa izan den tokian, lanean. EFE.
Polizia, tiroketa izan den tokian, lanean. EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi pertsona hil dira eta beste bi zauritu dira tiroz Stockholmeko (Suedia) Farsta auzoan, tokiko Poliziak zabaldutako informazioen arabera.

Biktimak 15 urteko bi mutil dira, eta zaurituak 45 urteko gizon bat eta 65 urteko emakume bat dira, 'Aftonbladet' egunkari suediarrak jakinarazi duenez. Erasoaren ustezko erantzule diren bi susmagarri atxilotu dituzte, Polizia haiei segika ibili ostean. 

Osasun-langileek hainbat pertsona artatu dituzte eta segurtasun-indarrek dispositibo handia jarri dute Suediako hiriburuaren hegoaldean.

Lehenengo abisua 18:13an jaso du Poliziak, eta, atzetik, beste batzuk, arma automatikoekin tiroketa bat izan dela esanez. Iritsi diren lehen agenteek bi pertsona aurkitu dituzte zaurituta, metro geltoki baterako sarbidearen ondoan. Herritarrak ari ziren haiek artatzen, Towe Hägg Poliziaren bozeramaileak azaldu duenez.

Beste bi zauritu topatu dituzte handik gertu, bata eliza baten ondoan eta bestea inguruko kale batean. Zaurituetako bat tokian bertan hil da eta beste hirurak ospitalera eraman dituzte, Häggek azaldu duenez.

Bi susmagarri atxilotu ditu Poliziak E4 errepidean, hegoalderantz ordubetez autoz jarraika ibili ostean. Jazarpenean poliziaren 20 bat autok parte hartu dute. Bi susmagarriek 20 urte inguru dituzte, eta ibilgailuan arma automatikoak aurkitu dizkiete. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Suedia Erailketak