Mundua -

Labanaz egindako erasoa

Samina nagusi Frantzian, Annecyko erasoaren biharamunean, erasotzailearen arrazoiak argitzeke daudela

Oso larri zauritutako lau adingabeetatik bik hobera egin dute, baina gainerako biak eta beste heldu bat hil ala bizi daude. Poliziak baztertu egin du eraso terrorista izatea, eta ikerketa zabaldu du 31 urteko siriar errefuxiatuaren motibazioak eta osasun psikiatrikoa argitzeko.

Herritarrek lore sortak utzi dituzte erasoaren lekuan. Argazkia: EFE
Herritarrek lore sortak utzi dituzte erasoaren lekuan.
Annecyko erasoan zauritutako haurretako bik egoera kritikoan jarraitzen dute

0:38

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Samina da gaur nagusi Frantzian, Annecyko erasoaren biharamunean. Lau haur eta heldu bat oso larri zauritu zituzten atzo, eta beste heldu bat larri, Alpeetako hiri horretako (Frantziako hego-ekialdea) haur-parke batean arma zuriz egindako eraso baten ondorioz. Ustezko erasotzailea 31 urteko errefuxiatu siriar bat da, labankadak eman eta gutxira atxilotu zutena. 

Haurrek 22 hilabete eta hiru urte bitartean dituzte, eta horien artean britainiar bat eta nederlandar bat daude, baita bi anaia ere, agintarien arabera. Osasun iturrien arabera, larri zauritutako lau umeetatik bik hobera egin dute, baina gainerako biak eta beste heldu bat hil ala bizi daude.

Agintariek ia baztertuta dute atentatu terrorista izatea, eta erasotzailearen motibazioak zeintzuk izan daitezkeen argitu nahian ari dira. Orain arte ezagutzen diren datuen arabera, atxilotutakoa Abdalmasih H. da, bere burua jazarpena sufritzen ari zen kristau gisa definitu zuen 31 urteko siriarra.

Errefuxiatuak eta Herrigabeak Babesteko Frantziako Bulegoan (OFPRA) babesa eskatu zuen azaroaren 28an. Ondoren, ordea, Suediak errefuxiatu estatusa eman zion joan zen apirilean. Herrialde hartan bizi izan zen, 2013an Europara iritsi zenetik eta Frantziara mugitu aurretik. Estatutu horri esker, Schengen eremuan mugitu ahal zen.

Ustezko erasotzailea suediar nazionalitatea zuen emakume batekin ezkonduta egon zen eta 3 urteko alaba du. 2022an banatu zen bikotea, eta orduan joan zen Frantziara. Herrialdean asiloa eskatu zuen, eta erasoa egin baino hiru egun lehenago jaso zuen erantzuna, ezezkoa, Gerald Darmanin Barne ministroak bart jakinarazi duenez. 

Umeei zein helduei labanaz eraso zienean ez zegoen alkoholaren edo bestelako drogen eraginpean, eta ez zuen aurrekaririk, ezta nahasmendu psikiatrikoren batek eragindako aurreko pasarterik ere. Gaur goizean azterketa psikiatrikoa egin diote

Annecyra joan da gaur Macron

Erasoa Annecy hiriko Europako Lorategiak parkean gertatu zen atzo, 09:45 aldera. Lekukoen arabera, erasotzailea parkean aurrera eta atzera ibili zen, bidean aurkitzen zituen haurrei eta haiekin zeuden helduei aizto batekin eraso egiten. 

Emmanuel Macron Frantziako presidentea Alpeetako herrira joan da gaur, Brigitte emaztearekin. "Ez da polemika sortzeko bisita bat", azpimarratu du Olivier Veran Frantziako Gobernuko bozeramaileak France Info irrati katean egin dioten elkarrizketan. Argitu duenez, zaurituak eta horien senideak ikustera eta atxiloketan parte hartu zuten agenteei eskerrak ematera joan da Annecyra.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Delituak azken ordukoa Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Umeak albisteak gaur