Mundua -
Estatu Batuak
Hollywoodeko gidoilariek greba mugagabea hasi dute
Besteak beste, soldata igoerak eskatu dituzte greba deitzaileek —600 milioi dolar, dirutan—, eta produktu jakin bat telebistan berriro emateagatik jaso ohi dituzten ordainak ere erreklamatu dituzte.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Estatu Batuetako Gidoilarien Sindikatuak eta Zinema eta Telebistako Ekoizleen Aliantzak ez dute akordiorik erdietsi, hainbat egun negoziatzen eman ostean. Ondorioz, gaur bertan greba mugagabea abiatuko dute Hollywoodeko gidoilariek. Industria geldiarazi lezake horrek.
"Adostasun bila hasi genuen prozesua, baina hutsala izan da jaso dugun erantzuna", esan du Twitter bidez sindikatuak.
Halaber, aurreratu du gaur arratsaldean piketeak egongo direla, eta batasun deia egin die gidoilari guztiei.
Besteak beste, soldata igoerak eskatu dituzte greba deitzaileek —600 milioi dolar, dirutan—, eta produktu jakin bat telebistan berriro emateagatik jaso ohi dituzten ordainak ere erreklamatu dituzte.
2007an egin zuten gidoilariek azken greba. Hilabete iraun zuen, eta 2.100 milioi dolarreko galerak eragin zituen, bai eta 37.000 langile kaleratzea ere.