Mundua -
Ukraina
Ukrainak Segurtasun Kontseilua premiaz biltzea eskatu du Errusiak Bielorrusian nuklearrak hedatuko dituela eta
NATOk ez du oraingoz erantzun neurririk hartuko, baina Putini itunen errealitatea desitxuratzea leporatu dio. AEBk ez du Errusia arma nuklear bat prestatzen ari den zantzurik, eta "erne" egotera mugatuko da momentuz.
Agentziak | EITB Media
Ukrainako Atzerri Ministerioak Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren ezohiko bilera bat deitzea eskatu du formalki, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Bielorrusian arma nuklear taktikoak hedatzeari buruz egindako iragarpena aztertzeko.
"Errusiako Federazioak Bielorrusiako lurraldean arma nuklear taktikoak zabaltzeko asmoari buruz egindako azken iragarpena Putinen erregimen kriminalaren beste urrats probokatzaile bat da, eta ahuldu egiten ditu arma nuklearrak ez ugaltzeko itunen printzipioak, arma nuklearren gaineko armagabetze arkitektura eta, oro har, nazioarteko segurtasun sistemak", Ministerioaren hitzetan.
Era berean, G7ari eta Europar Batasunari eskatu die Bielorrusiako agintariei ohartarazteko Minskeko Gobernuak "ondorio sakonak" izango lituzkeela "Errusiak bere lurraldean arma nuklear taktikoak jartzea onartzen badu".
Erresuma Batuak Ukrainari uranio pobretuaren munizioaz hornituko zuela esan ondotik iragarri zuen Putinek arma nuklear taktikoak hedatuko zituela Bielorrusian; bere ustez, eta Kieven iritziaren aurka, erabaki horrek ez ditu urratzen Errusiak kontrol nuklearrerako sinatuta dituen akordioak. Errusiako presidenteak espero du arma nuklear taktikoak biltegiratzeko instalazioen eraikuntza uztailaren 1erako amaituta egotea. Armek errusiarren kontrolpean jarraituko dute.
NATOk eta AEBk "erne" jarraitzen dute
Putinen iragarpenari emandako lehen erantzunean, NATOk adierazi du "erne" dagoela, oraingoz neurri gehigarririk hartu gabe, baina azpimarratu nahi izan du Errusiako presidentea nuklearrak ez hedatzeko akordioen errealitatea desitxuratzen ari dela, haiek urratzen ez dituela esaten duenean.
"Errusiak NATOren truke nuklearrei buruz egiten duen erreferentzia guztiz engainagarria da. NATOren aliatuek errespetu osoz jokatzen dute nazioarteko konpromisoekiko", Aliantza Atlantikoaren bozeramaile batek DPAri esandakoaren arabera.
Era berean, AEBko Gobernuak berretsi du Inteligentzia zerbitzuek ez dutela inolako informaziorik Errusia arma nuklear bat prestatzen ari dela baieztatzeko. "Ez dugu arrazoirik ikusi geure jarrera nuklear estrategikoa aldatzeko, ezta Errusia arma nuklear bat erabiltzeko prestatzen ari den zantzurik ere", adierazi dio Vedant Patel Estatu Departamentuko bozeramaileak CNN kateari.
Borrelek zigorrekin mehatxatu du Bielorrusia
Europar Batasuneko atzerri politikako buru Josep Borrellek igandean Bielorrusiari eskatu dio ez dezala arma nuklear errusiarrik bere lurraldean hartu, eta hala, eginez gero, zigor gehiago izan ditzakeela ohartarazi dio.
"Bielorrusiak arma nuklear errusiarrak hartzea eskalada arduragabea eta Europako segurtasunerako mehatxua litzateke. Bielorrusiak oraindik geldi dezake, bere esku dago. EB prest dago zigor gehiagorekin erantzuteko", adierazi du Borrellek txio batean.