Mundua -
Sare sozialak
TikToken zuzendari exekutiboak azalpenak emango ditu, estreinakoz, AEBko Kongresuko batzordean
ByteDance enpresak —TikToken sortzailea— erabiltzaileen datuak Txinako Gobernuarekin partekatuko dituen errezeloa dute zenbait herrialdek.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Nazioarteko gobernu eta erakundeen jopuntuan dago TikTok azkenaldian, txinatar agintariek, aplikazio horren bidez jasotako datuak erabilita, intimitate-eskubidea urratu dezaketen susmoa zabaldu baita.
Zalantzak argitzeko asmoz edo, Shou Zi Chew TikToken zuzendari exekutiboak azalpenak emango ditu gaur bertan AEBko Kongresuko batzordean, estreinakoz.
Lehia geopolitikoa nagusi den garai honetan, zenbait gobernuk eta erakundek euren langileei sakelako telefonoetan aplikazioa jaistea debekatu diete, segurtasun arrazoiak tarteko.
Bideo laburrak egiteko aplikazio bat da TikTok, gazteen artean sekulako arrakasta duena. Entretenimenduak ez ezik, gaurkotasunak ere hartu du indarra sare sozial horretan, gazteen artean bereziki.
Zein da arazoa?
ByteDance enpresak —TikToken sortzailea— erabiltzaileen datuak Txinako Gobernuarekin partekatuko dituen errezeloa dute orain zenbait herrialdek. Gainera, beste plataforma batzuekin gertatu den bezala, aplikazio horretan argitaratzen diren edukiak gazte eta nerabeentzako kaltegarriak izan daitezkeela pentsatzen dute askok.
Horren aurrean, AEB izan zen TikTok sare sozialari murrizketak ezartzen lehena. Muga-zergak zirela eta, AEB Txinarekin merkataritza gerra betean zegoela, Donald Trumpek aplikazioa jaistea debekatu zuen, AEBko filiala enpresa nazional bati saldu bitartean.
Bi urte geroago, aurtengo otsailean, Europako Batzordeak eta Kontseiluak aplikazioa gailu ofizialetara jaistea debekatu zieten euren langileei, zibersegurtasun neurriak indartze aldera.