Mundua -
Ukrainako gerra
Putin: "Txinako bake planean jasotako puntu asko konponbiderako oinarri izan daitezke"
Errusiako agintariak ez du zalantzarik izan Txinako egitasmoa eta Pekinen jarrera "konstruktiboa" goraipatzeko. "Baina, oraingoz, ez dugu borondaterik ikusten Mendebaldearen eta Kieven aldetik", gaineratu du.
Agentziak | EITB Media
"Txinaren bake planean jasotako puntu asko bat datoz Errusiaren jarrerarekin, eta bake konponbiderako oinarri izan daitezke, Mendebaldea eta Kiev horretarako prest daudenean", esan du Vladimir Putin Errusiako presidenteak, Xi Jinping Txinako buruzagiarekin Kremlinen egindako bileraren amaieran. "Baina oraingoz ez dugu horien aldetik borondaterik ikusten", gaineratu du.
Txinako Gobernuaren ekimenak herrialdeen lurralde osotasuna defendatzen du, baina ez du aipatzen Ukrainako lau eskualdeen anexioa edo tropa errusiarren erretiratzea. Aitzitik, Errusiaren aurkako zigorrak eta NATOren hedapen militarra gaitzesten ditu, bere kanpaina militarra abiarazteko Moskuren argudio nagusia.
"Errusiak eta Txinak arazo zailenei ere aurkitu diezaiekete konponbidea", azpimarratu du Putinek. Agintari errusiarrak ez du zalantzarik izan Txinako plana eta Pekinen jarrera "konstruktiboa" goraipatzeko, baina ez da prest agertu liskarrak eteteko agindua emateko, ezta Volodimir Zelenski buruzagi ukrainarrarekin negoziatzera esertzeko ere.
Dena den, Yuri Ushakov Putinen Atzerri Gaietarako aholkulari nagusiaren hitzetan, plana "ez dago Errusiaren eta, are gutxiago, Txinaren esku, Kieven esku baizik".
Bestalde, Xik esan du Txinak "bakearen eta elkarrizketaren alde" egiten duela, eta Errusiaren eta Ukrainaren arteko "adiskidetzea eta negoziazioak berrezartzea" babesten duela.