Mundua -
MIGRAZIOA
Italian, Calabriako kostaldean atzo hondoratu zen itsasontziko biktimen bila jarraitzen dute
62 migratzaileren gorpuak erreskatatu dituzte oraingoz, eta 81 pertsona bizirik erreskatatu dituzte. Ontziak, baina, 200 migratzaile zeramatzan, eta, beraz, gainerakoen bila ari dira salbamendu zerbitzuak.
EITB MEDIA
Italian, Calabriako kostaldetik gertu igande goizaldean hondoratu zen itsasontziko biktima gehiagoren bila jarraitzen dute. Itsaso zakarraren ondorioz, gutxienez 62 pertsona topatu dituzte hilda, haurrak tartean, eta 81, berriz, bizirik atera dira. Ontziak, baina, 200 migratzaile zeramatzan, eta, beraz, falta direnen bila dabiltza salbamendu zerbitzuak.
Gutxienez 19 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, erdiak adin txikikoak, eta Isola di Capo Rizutto herriko harrera-zentrora eraman dituzte gainerakoan. Gehientsuenak gerra eta gatazketatik ihesi Europara bidean ziren somaliarrak, afganiarrak eta pakistandarrak dira.
Gorpuetako batzuk, eta ontziaren egur zatiak, Crotona probintziako hondartza batean aurkitu zituzten, eta horrek berehala eraman zituen erreskate taldeak ezbeharraren neurriaz jabetzera.
Lehen informazioen arabera, badirudi ontzia bitan zatitu zela, ziurrenik harkaitz baten kontra talka egin ondoren, itsasaldi bortitzaren ondorioz. Gutxienez hiru pertsona atxilotu dituzte, ontzian zihoan turkiar bat barne, ontzia Turkiatik abiatu zen pertsona-trafikatzaile talde bateko kideak direlakoan.
Migrazioaren inguruan hartutako neurriengatik kritika zaparrada jaso ostean, Georgia Meloni Italiako lehen ministroak atsekabea adierazi du ezbeharragatik, eta neurriak iragarri ditu legez kanpoko migrazioari aurre egiteko.
Italiako gobernuz kanpoko erakundeek emandako datuen arabera, urtea hasi denetik 12.000 migratailetik gora iritsi dira Italiara, eta 20.000tik gora hil edo desagertu dira Mediterraneoko uretan 2014az geroztik.
Antonio Guterres, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, bide seguru eta arautuak eskatu ditu Nazio Batuen Giza Eskubideetarako kontseilukaren biltzarrarean hasieran, eta errefuxiatu eta migratzaileen eskubideak giza eskubideak direla azpimarratu du.
Italiako eskuin muturreko gobernua ez ezik, Matarella presidentea ere Bruselara begira jarri da, Europako Batasunak baliabide gehiago jarri behar dituela esanez.Hala ere, gobernuz kanpoko erakundeek beste behin ere salatu dute ekidin zitekeen tragedia izan dela; izan ere, Italiako gobernuak jarritako oztopoak medio, ez zela inongo elkarteren salbamendu untzirik Meditarreo erdialdeko uretan.