Mundua -
PAKISTAN
Gutxienez 59 pertsona hil eta 157 zauritu dira Pakistango meskita batean izandako atentatu suizidan
Pakistango taliban talde nagusiak bere gain hartu du erasoa. Leherketaren ondorioz, meskitako teilatuaren zati bat erori da eta biktima gehiago egon daitezke hondakinen artean harrapatuta.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Gutxienez 59 pertsona hil eta beste 157 zauritu dira meskita baten aurka Peshawar hirian (Pakistan) izandako atentatu suizida batean, hiriko Polizia buruak Reuters agentziari jakinarazi dionez.
Peshawarreko polizia iturriek adierazi dutenez, erasotzaile suizida batek soinean zeraman lehergailua zartarazi du meskitaren barruan eguerdiko otoitza egiten ari ziren garaian. Poliziak lehergai arrastoak aurkitu ditu meskitaren barruan.
Leherketa ptoitz gelan gertatu da, meskitako gela nagusian, 250 edo 300 pertsonarentzako edukiera zuena. Aretoko sabaia fededunen gainera erori da, eta horien artean militarrak, poliziak eta artezilari adituak zeuden.
Erasoaren unean, gutxienez, 260 pertsona zeudela barruan kalkulatu du Poliziak. Halaber, leherketaren ondorioz, meskitako teilatuaren zati bat behera etorri da, eta, ondorioz, hondakinen artean biktima asko egon daitezke harrapatuta.
Poliziaren probintziako kuartel nagusia eta terrorismoaren aurkako departamentua meskita dagoen gune horretan bertan daude eta, horregatik uste dute Polizia bera izan daitekeela erasoaren helburua.
TTP Tehrik-i-Taliban Pakistan erakundeak, Pakistango taliban talde nagusiak, bere gain hartu du erasoa.