Mundua -
Hotza
Elliot neguko ekaitzak dozenaka hildako utzi ditu AEBn
Gune kaltetuena New Yorkeko ipar-mendebaldea izan da, baina beste estatu askotan ere izan du eragina. Biztanleriaren erdiak baino gehiagok neguko klimarekin lotutako abisu edo ohartarazpenen bati aurre egin behar izan dio.
EITB Media
Elliot deituriko ekaitzak 50 hildako inguru utzi ditu Ameriketako Estatu Batuetan, Gabonetan. Gainera, elurte handiak eta haize indartsuak izan dira herrialdearen zati handi batean. Ipar Amerikan, aspaldian, bizi izan dituzten Gabon hotzenak izan dira.
Gune kaltetuena New Yorkeko ipar-mendebaldea izan da, hildakoak 27ra iristen baitira. Gorpuak, etxeetan, kalean eta ibilgailuetan aurkitu dira. Bufalon, hotzera ohituak egon arren, aireportua itxi behar izan dute elurragatik.
Hala ere, Ipar Amerikako beste zenbait estatutan ere hildakoak izan dira, Colorado, Illinois, Kansas, Kentucky, Michigan, Misuri, Nebraska, Ohio, Oklahoma, Tennessee eta Wisconsinen esaterako.
Biztanleriaren % 60k, 200 milioi pertsonak baino gehiagok, jasan dute urakanaren eragina, eta Kathy Hochul New Yorkeko gobernadoreak esan du gogoratzen duen "urakanik suntsitzaileena" izan dela, eta herritarrei errepideak ez erabiltzeko eskatu die.
Estatu batzuetan, tenperaturari dagokionez, urte askoan bizi izan ez duten hotza jasan dute; New Yorken zeroz azpitik 10,5 °C-ra iritsi ziren. 1872tik, ez zuten horrenbesteko hotza izaten.