Mundua -

Krisi politikoa Perun

Castillori 18 hilabeteko behin-behineko espetxealdia ezarrio diote eta Boluartek elkarrizketarako deia egin du

Azken orduetan, hamar pertsona hil dira Perun, segurtasun indarrekin izandako borroka bortitzetan. Hezkuntza ministroak eta Kultura ministroak dimisioa eman dute, Gobernuaren aurkako protestei emandako erantzun "neurrigabea" dela eta.

Protestak, Ayacuchoko aireportuan. Argazkia: EFE.
Protestak, Ayacuchoko aireportuan. Argazkia: EFE.
Peruko protestetan 17 pertsona hil dira azken bederatzi egunetan

0:39

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Peruko Justiziak 18 hilabeteko behin-behineko espetxealdia ezarri dio Pedro Castillo presidente ohiari, matxinada, konspirazioa, agintekeria eta lasaitasun publikoa asaldatzea egotzita. Bitartean, azken orduetan, 10 pertsona hil dira herrialdean, segurtasun indarrekin izandako liskar bortitzetan, eta, igandetik, guztira 18 herritar hil dira, protesta horietan.

Bestalde, Dina Boluarte Peruko presidenteak elkarrizketarako deia egin die manifestariei, eliza katolikoak, kristauak eta ebanjelikoak bitarteko direla.

Peruko Justiziak aldeko ebazpena eman du Castillo agintari ohia 18 hilabetez prebentzioz atxilotzeko Fiskaltzak egindako eskaerari buruz, hori guztia Castillori lau urtetik gorako zigorra ekar diezaioketen akusazioak oinarri hartuta, erakundeak berak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Gainera, erabakia Castillok ihes egiteko duen arriskuan ere oinarritzen da. Castillok asilo politikoa eskatu du Mexikok Perun duen enbaxadorearen aurrean, Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteak prentsaurreko batean azaldu zuenez.

Castillok, abenduaren 7an, iragarri zuen Kongresua desegin eta salbuespeneko Gobernua ezarriko zuela. Kongresuak, baina, kargugabetu zuen, eta segurtasun indarrek atxilotu egin zuten; Peruko Botere Judizialak dekretatutako behin-behineko espetxealdia horren harira dator. Ordutik, Peruko Poliziak Limako kanpoaldean duen Operazio Berezietako Zuzendaritzan dago atxilotuta, eta orain erabaki beharko dute zein kartzelara eramango duten.

Pedro Castillo presidente ohiari 18 hilabete luzatu diote behin behineko espetxealdia
Pedro Castillo presidente ohiari 18 hilabete luzatu diote behin behineko espetxealdia
Pedro Castillo presidente ohiari 18 hilabete luzatu diote behin behineko espetxealdia

1:22

10 hildako ostegunean, eta 18 igandetik

Testuinguru horretan, ostegunean, Ayacucho eskualdean (Peruko hegoaldean) izandako istilu bortitzetan, zortzi lagun hil dira, eta gutxienez 52 zauritu. Gainera, iparraldean, La Libertad eskualdean, beste pertsona bat zendu da. Pertsona horiek guztiak segurtasun indarrekin izandako borroketan hil dira, Peruko Gobernuak dekretatutako larrialdi nazionaleko egoeraren lehen egunean.

Guztira, igandean manifestazioak eta protestak hasi zirenetik, 20 pertsona hil dira herrialdean; horietako bi, gutxienez, adingabeak ziren. Manifestariek eskatzen dutena da hauteskundeak aurreratzea, Dina Boluarte presidenteak karguari uko egitea, Kongresua ixtea eta biltzar konstituziogilea deitzea.

Boluarteren Gobernuak larrialdi egoera du deituta herrialde osoan, 30 egunez. Twitterren argitaratutako mezu baten bidez, presidenteak adierazi du Peruk, ostegunean, "indarkeriako egun tristea" zuela, eta bakea eskatu du. Castillo presidente ohiak, aldiz, esan du Lisa Kenna, alegia, Ameriketako Estatu Batuek Liman duten enbaxadorea, asteartean Gobernu Jauregira joan zela, eta agindua eman ziola Boluarteri, tropak kalera ateratzeko.

Hezkuntza eta Kultura ministroek dimisioa eman dute

Patricia Correa Peruko Hezkuntza ministroak eta Jair Perez Kultura ministroak karguei uko egin diete euren gain hartu eta sei egunera, Gobernuaren aurkako protestei emandako erantzun "neurrigabea" dela eta.

"Gaur goizean, Estatuko ministro karguari uko egiteko gutuna aurkeztu dut. Herrikideen heriotzak ez du inolako justifikaziorik. Estatu indarkeria ezin da neurrigabea izan eta ezin du heriotza eragin ", idatzi du Correak Twitterren.

Bestalde, Perezek beste gutun bat bidali du, esanez "herrialdean izandako gertakari tamalgarrien emaitza anai-arreben galera konponezina" dela, eta horrek jasanezina egiten duela Gobernuan jarraitzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak gaur Gaurko titularrak Albisteak Peru albisteak