Mundua -
ukrainako gerra
Hitlerrek Polonian edo AEBk Iraken egindakoarekin parekatu du Chomskyk Ukrainako errusiar inbasioa
Hizkuntzalari, intelektual eta aktibistak "edonolako akordioak" bilatu behar direla azpimarratu du, "gatazka areagotu ez dadin".
agentziak | eitb media
Noam Chomsky hizkuntzalari, intelektual eta ekintzaile estatubatuarraren ustez, Errusiak Ukraina inbaditzea Adolf Hitlerrek Polonian edo AEBk Iraken egindako inbasioen "pareko gerra krimena" da.
Chomskyk (Filadelfia, 1928) bideokonferentzia bidez hartu du parte igande honetan Bartzelonako Zinemaren eta Giza Eskubideen Jaialdiaren itxiera ekitaldian.
94 urteko intelektualak 1990ean Sobietar Batasun ohiaren kolapsoan Mikhail Gorbatxov Errusiako presidente ohiak eta George Bush iparramerikarrak Alemania bateratua NATOn sartzea onartzeko lortu zuten akordioan kokatu du Ukrainako egungo gerraren jatorria.
Bill Clinton AEBko ondorengo agintariak ez zuen erabaki hori errespetatu, Chomskyk azpimarratu duenez. Jarraian, Ukraina "NATOren de facto bazkidetzat" jo du, eta "gatazkaren gorakada saihesteko edonolako akordioak bilatu" behar direla gaineratu du.
Chomskyk Julian Assangeren egoera izan du hizpide. Erresuma Batuko kartzela batean atxilotu zuten Assange, Estatu Batuetara estraditatzeko zain, eta gogorarazi du kontzientzia gutxi dagoela bere kasuaz, eta, beraz, aktibismo handia behar dela zabalkunde handiagoa lortzeko.
Krisi klimatikoari dagokionez, ohartarazi du hamarkada gutxi batzuk ditugula kolapsoa saihesteko eta "atzera bueltarik ez duen puntu batera" ez iristeko, eta aktibismoari ere eskatu dio "mehatxu klimatikoen izaera ezagutarazteko" eta, botere handiei, elkarrekin lan egiteko irtenbide bat aurkitzeko.