Mundua -
protestak iranen
Heriotza zigorrera kondenatutako pertsonak "laster" exekutatuko dituela iragarri du Iranek
Gutxienez sei laguni ezarri zaie heriotza zigorra, eta beste 2.000 pertsonari leporatu zaie delituren bat Mahsa Aminiren hilketaren ostean egindako protestetan parte hartzeagatik.
agentziak | eitb media
Gholam-Hossein Mohseni Ejei Botere Judizialaren buruak Kontseilu Gorenaren bileran jakinarazi duenez, "laster" exekutatuko dituzte Mahsa Amini gaztearen hilketaren ondotik herrialdea astintzen ari diren protestetan parte hartzeagatik zigortutako "batzuk".
Gutxienez sei pertsona kondenatu dituzte hertiotza zigorrera "lurraren kontrako ustelkeria" eta "jainkoaren aurkako gerra" egotzita. Kontzeptu horiek islamaren eta segurtasun publikoaren aurkako delituak biltzen dituzte.
Era berean, agintari judizialek 2.000 pertsona baino gehiagori leporatu diete delituren bat Errepublika Islamikoaren amaiera eskatzen duten mobilizazioetan parte hartzeagatik. Horietatik 21, gutxienez, heriotza zigorrera kondenatuak izan daitezke.
Ia hiru hilabeteko protestetan, 400 pertsona baino gehiago hil dira, eta gutxienez 15.000 pertsona atxilotu dituzte, Iran Human Rights gobernuz kanpoko erakundearen arabera. Horien artean dago Ahmadreza Halabisaz fotokazetaria; pasa den astean salatu zuenez, bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten abokaturik izan ez zuen epaiketa batean.