Mundua -
Gatazka
Turkiak Siria bonbardatu du, igandeko atentatuagatik errepresalia gisa, eta gutxienez 45 hildako utzi ditu
Joan den igandean Istanbulgo erdigunean izandako leherketak 6 hildako eta 81 zauritu utzi zituen. Turkiako Gobernuak Kurdistango Langileen Alderdiari egotzi dio erasoa eta, zigor gisa, milizia kurduen esku dauden Siriako iparraldea eta ekialdea bonbardatzen ari da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Siriako Gobernuaren aldeko 45 soldadu eta miliziano kurdu gutxienez hil dira azken orduetan Turkiak Siriako iparraldean eta ekialdean abiatutako bonbardaketetan.
Zonalde horiek Siriako Indar Demokratikoen milizia kurduen esku daude. Horiei, hain justu, egotzi die Turkiako Gobernuak joan den igandean Istanbulen izandako atentatua eta, hori dela eta, zigor modura, horiek bonbardatzea agindu du Ankarak. Siriako Indar Demokratikoen arabera, gutxienez 11 zibil hil dira.
Turkiako Defentsa Ministerioak larunbat honetan iragarri zuen talde kurduen aurkako "Atzapar-Ezpata" izeneko operazioaren hasiera, Irakeko eta Siriako iparraldean, joan den igandean Istanbulgo erdigunean izandako leherketaren erantzuleak direlakoan, Turkiako Gobernuaren arabera. Leherketa horretan gutxienez 6 lagun hil eta beste 81 zauritu ziren.
"Kontuak egiteko ordua da", ondorioztatu zuen Turkiako Defentsa Ministerioak operazioa zuritzeko kaleratutako ohar baten bidez, "NBEko Gutunaren 51. artikuluaren arabera, defentsa legitimorako eskubidea dugulako".
Giza Eskubideetarako Siriako Behatokiaren arabera, gutxienez 15 pertsona hil dira Al Hasaka eta Raqa udalerrietan izandako erasoetan.
Duela egun batzuk, Istanbulgo atentatuaren egiletza Kurdistango Langileen Alderdiari egotzi zion Ankarak. Alderdi horrek akusazioak errefusatu ditu, baina atentaturako agindua Kobane hiritik eman zuten "susmoak" dituztela esan du Turkiako Barne ministroak.