Mundua -
Turkia
Zortzi dira Istanbulgo atentatuan hildakoak
Horrez gain, 81 zauritu izan dira. Turkiako Poliziak 46 pertsona atxilotu ditu, tartean, bonba jarri omen zuen emakumea. Ankarak PKKri leporatu dio erasoa.
Agentziak | EITB MEDIA
Suleyman Soylu Turkiako Barne ministroaren hitzetan, zortzi dira dagoeneko Istanbulgo (Turkia) Istiklal etorbidean atzo egindako atentatu terroristan hildakoak. 81 pertsona zauritu dira, horietako bi, larri.
Mikel Ayestaran EITBk Ekialde Erdikoan duen berriemaileak, Al Jazeera telebista katearen iturriak aipatuta, bere Twitter kontuan jaso duenez, azken orduetan, bi pertsona gehiago hil dira, eta horrenbestez, zortzi dira hildakoak.
Ikerketari dagokionez, orain arte 46 pertsona atxilotu ditu poliziak. Tartean dago bonba jarri omen zuen emakumea. Atxilo hartutakoa siriarra da, Ahlam Albashir izenekoa. Turkiako agintarien arabera, Albashirrek Kobani hirian (Siria iparraldea) jaso zuen atentatua egiteko agindua. Kurdistanen (Siria) dago Kobani, eta erresistentzia gune garrantzitsua da.
Turkiako Poliziak gaur jakinarazi duenez, atentatuaren susmagarri nagusiak aitortu omen du "PKK erakunde terroristak" trebatu zuela "inteligentzia agente berezi bezala".
Turkiak Kurdistango Langileen Alderdiari (PKK, turkieraz) leporatu dio atentatua, baina oraingoz, ez du inork bere gain hartu.
Fahrettin Altun Turkiako Presidentetzaren bozeramailearen arabera, atentatua "herrialde batzuek talde terroristei ematen dieten babesaren ondorio zuzena edo zeharkakoa da".
"Nazioarteak kontuan hartu beharko luke. Gure zibilen kontrako eraso terroristak herrialde horien babesaren ondorio da", erantsi du. Ankarak uste du AEBk, Suediak edo Finlandiak PKK diruz laguntzen dutela, eta babes horrekin lotu du atentatua.