Mundua -

larrialdi klimatikoa

COP27 hasi da Egipton, kalte klimatikoak konpentsatzeko ordainak eztabaidatzeko akordioa lortuta

200 herrialde inguru bilduko dira igande honetatik azaroaren 18ra bitartean, goi bilera klimatikoaren 27. edizioan, aurtengo testuinguru "zailean" eta erronka berriekin.

Sharm el Sheikheko Nazioarteko Kongresu Zentroaren kanpoaldea. Argazkia: EFE
Sharm el Sheikheko Nazioarteko Kongresu Zentroaren kanpoaldea. Argazkia: EFE
Zalantza ugariz beteta eman diote hasiera aurten COP27 Klimaren Gailurrari

01:02

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

200 herrialdetako gobernu, erakunde, sektore pribatu eta gizarte zibileko ordezkariak bilduko dira gaurtik 18ra bitartean, Egipton, klima aldaketaren erronka globalari aurre egiteko fronte komun bat lortzeko konfiantza berrezartzeko erronkarekin. Nazioarteko testuinguru diplomatiko zailean iritsi da hitzordua. Lortutako lehenengo akordioa ezohiko gertaera meteorologikoek eragindako krisietarako konpentsazio ekonomikoei buruzko negoziazioa ofizialki irekitzea izan da.

Sharm el Sheikhen COP27 Klimaren Goi Bilera formalki inauguratu dute presidente berria, Sameh Shukri Egiptoko Atzerri ministroa, hautatuta, eta agindu du bilera "inflexio puntua" izango dela "ekintza aldeaniztun kolektibo bat lortzeko orduan". Shukrik adierazi du bilerak ez duela emaitza nabariak lortzeko ahaleginik etengo, "negoziazio fasetik hartutako konpromisoak ezartzeko fasera mugitzeko garaia baita".

Sharm-El Sheikhen (Egipto) izango dira bi aste hauetan NBEren Klima Aldaketari buruzko Esparru Konbentzioaren Alderdien XXVII. Konferentzia (COP27), Montrealgo Protokoloaren Alderdien Bileraren Kalitateari buruzko Alderdien Konferentziaren XVII. Saioa (COP-MOP17) eta Parisko Akordioaren Alderdien Konferentziaren laugarren saioa (CMA4), baita 57 organo subsidiarioren saioak eta erakundeek, gobernuek, erakunde multilateralek, enpresek, GKEek eta gizarte zibilak antolatutako pareko ekitaldien agenda zabala ere, gazteek eta haurrek gero eta gehiago parte hartuko dutelarik.

COP27 bileraren irekiera ekitaldia. Argazkia: EFE

Hasiera ofiziala gaur emango zaion arren, lehen bi jardunaldi garrantzitsuak azaroaren 7an eta 8an, astelehen eta asteartean, izango dira. Munduko liderrek, estatuburuek eta gobernuburuek irekiera ekitaldi nagusian hartuko dute parte bihar, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak, tartean. Datozen bi asteetan, besteak beste, arintzeari, egokitzeari, galerei eta kalteei dagokienez aurrerapenak lortzera bideratuko dira negoziazioak.

Hainbat herrialdek gai zehatzei buruzko ekimen tematikoak aurkeztuko dituzte. Espainiak eta Senegalek, esate baterako, desertifikazioaren aurkako borroka defendatuko dute elkarrekin. Proposamen eredu horrek indarra hartu zuen aurreko Klimaren Goi Bileran, Glasgown (Erresuma Batua) egindako COP26 bileran alegia, hainbat sektoretan arintze eta egokitze neurriak ezartzea bultzatzeko.

Aurten, besteak beste, arintzeari, egokitzeari, galerei eta kalteei dagokienez aurrerapenak lortzera bideratuko dira negoziazioak

COP27ren leloak, 'Elkarrekin ezarpenaren alde', nazioarteko ekintza bateratzea du helburu, Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroak "konfiantzaren" gailurra izango dela onartu duen testuinguru batean, "zaila" izango baita; "munduaren zati handi batek" klima aldaketaren aurreko konponbideengan "konfiantza mantentzea" zaila delako.

Iazko azaroan egindako COP26a Glasgowko Klimaren Itunarekin amaitu zen. Itun horrek berotze globalaren aurkako ekintza bultzatzea du helburu, modu multilateralean eta sektore guztiei zuzenduta, mende amaieran 1,5 ºCko igoera ez gainditzea bermatzeko, komunitate ahulenen premiazko egokitzapen beharrei erantzuteko eta garapen bidean dauden herrialdeen egokitzapenerako finantzaketa bideratzeko.

Hitzordua pandemiaren amaierak eta Errusiak Ukrainaren gainean egindako inbasioak markatutako nazioarteko testuinguru batean dator eta horrek krisi energetiko eta elikadura krisi globala eragin ditu, negoziazio klimatikoetan eragina izan dezaketenak.

Bestalde, Munduko Meteorologia Erakundeak (MME) igande honetan, Klimaren Gailurrarekin bat eginda, ohartarazi duenez, berotegi efektuko gasen kontzentrazioak gora egin duenez eta beroa pilatu denez, azken zortzi urteak inoiz ezagutu diren beroenak izango dira.

Akordioak eta adierazpenak

COP27k lehen albiste ona eman du, ezohiko gertaera meteorologikoek eragindako krisien konpentsazio ekonomikoei buruzko negoziazioa ofizialki irekitzeko akordioa lortu ondoren.

Hala, klima aldaketak eragindako kalteengatik ("galerak eta kalteak", ingurumen hizkeran) garapen bidean dauden herrialdeei zor zaizkien kalte ordainen finantzaketa goi bileraren agendan sartuko da. Herrialde pobreek eta Egiptoko presidentetzak gehien eskatzen zuten gaietako bat zen.

"COP27 martxan jarri ahala, gure planeta sorospen seinalea bidaltzen ari da", ohartarazi du, bestalde, Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko (NBE) presidenteak, nazioarteko klimaren goi bileraren hasieran. Halaber, adierazi duenez, "munduko klimaren egoera kaos klimatikoaren kronika bat da".

Protestak eta atxiloketak

Human Rights Watch (HRW) Gobernuz Kanpoko Erakundeak, nazioarteko egoera humanitarioaren jarraipena egiten duenak, salatu du Egiptoko agintariek dozenaka pertsona atxilotu dituztela COP27 klimaren goi-bileraren harira manifestaziorako deia egiteagatik, eta galarazi egin duela manifestaziorako eskubidea Sharm el Sheijen.

Protestak Sharm el Sheikhen. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Espainiako Gobernua albisteak Pedro Sánchez albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Egipto Larrialdi klimatikoa albisteak Itun berde berria