Mundua -
HAUTESKUNDEAK BRASILEN
Lula da Silvak hitzeman du ez daudela bi Brasil, eta guztientzat aginduko duela
Presidente hautatuak alde txikia atera dio Jair Bolsonaro orain arteko gobernuburuari: % 50,9 versus % 49,1.
AGENTZIAK | EITB Media
Brasilgo hauteskundeak irabazi berritan, Lula da Silva presidente hautatuak brasildar guztientzat gobernatuko duela eta bakea berrezarriko duela agindu du. "Ez daude bi Brasil. Herri bakarra dago, nazio bakarra", adierazi du.
Lula da Silva PT Langileen Alderdiko buruak botoen % 50,9 lortu ditu eta Jair Bolsonaro egungo presidenteak, berriz, % 49,1. Presidente hautatuak 2,1 milioi botoren aldea atera dio jarduneko presidenteari.
1989. urtean herrialdean demokrazia berrezarri zenetik hauteskunde presidentzial batzuetan inoiz izan den alderik estuena da. Dena dela, Lula da Silvak nabarmendu du Brasilgo herriaren gehiengoak errespetu, berdintasun, askatasun eta anaitasun handiagoaren alde egin duela.
Bere gobernuaren lehentasunetako bat jendearen gosearekin amaitzea izango dela aurreratu du. "Ezin dugu normaltzat eman milioika gizon, emakume eta haurrek zer janik ez izatea, edo behar baino kaloria eta proteina gutxiago kontsumitzea", adierazi du.
Ekonomiari ere aipamena egin dio Lula da Silvak. Horren hitzetan, Brasilek "sinesgarritasuna, aurreikusgarritasuna eta egonkortasuna" berreskuratu behar dituela azpimarratu du, inbertitzaile nazionalek eta atzerritarrek konfiantza berreskura dezaten. Gainera, esan du Brasil ezin dela lehengaiak esportatzera mugatu, eta herrialdea berrindustrializatzeko eta ekonomia berdean inbertitzeko konpromisoa hartu du.
Bestalde, hitzeman du Amazoniaren deforestazioaren aurka borrokatuko dela; izan ere, ingurumena suntsitu gabe aberastasuna sortzea posible dela sinistuta dago. Horrez gain, azaldu du herri indigenak ere gogoan izango dituela.
Azkenik, agindu du emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako borrokan pausoak emango dituela, eta arrazakeriari, aurreiritziei eta diskriminazioari aurre egingo diela "zuriek, beltzek eta indigenek eskubide eta aukera berberak izan ditzaten".
Presidente hautatuak 2023ko urtarrilaren 1ean hartuko du kargua.