Mundua -

Andeetako Miraria

Mende erdi Andeetan hegazkin bat erori zenetik

Istriputik bizirik atera ziren 16 pertsonetatik bakarra hil da; 2015ean izan zen, 80 urte zituela. Mendilerroan erreskatatu zutenetako bat izan zen Eduardo Strauch Urioste, 72 egunez milaka metroko altueran bizi izandako guzti-guztiak gogoratzen dituena.

Andeetan jazotako "miraria" gogoratzeko zigilu oroigarria. Argazkia:EFE
Andeetan jazotako "miraria" gogoratzeko zigilu oroigarria. Argazkia:EFE
Zer gertatu zen Andeetako mendilerroan duela 50 urte?

0:45

I. R. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur betetzen dira 50 urte Argentina eta Txile arteko Andeetako mendikatearen kontra hegazkin bat erori zen zorigaiztoko egunetik. 1972ko urriaren 13 hartan, Uruguaiko Aireko Armadaren 571 hegazkinak gailurretako baten aurka jo zuen, eta hegalak eta buztana galdu zituen talkan. Fuselajearen gainerako zatia mendian zehar irristatu zen, 3.570 metroko altitudean glaziar batean geratu arte. Hegazkinean, 45 pertsona zihoazen: tripulazioko 5 kide, Old Christians Club taldeko 19 errugbilari eta senide eta lagun batzuk.

Talkan 16 pertsona hil ziren, beste 5ek egun gutxira galdu zuten bizitza zaurietako infekzioen edota gosearen ondorioz, eta elur-jausi batek 8 pertsona lurperatu zituen. Gainerako 16ek 72 egunez bizirautea lortu zuten, tenperatura hotzei eta janariaren eskasiari eutsiz. Aurrera egiteko, besteak beste, hildako lagunen haragia jan behar izan zuten, eta bizirauteko beharrezko lanak egiteko antolatu ziren, abenduaren 23an denak erreskatatu zituzten arte.

''Azkar antolatu behar izan genuen, heriotza ate-joka genuelako''
''Azkar antolatu behar izan genuen, heriotza ate-joka genuelako''
''Azkar antolatu behar izan genuen, heriotza ate-joka genuelako''

play icon 1:29

Eduardo Strauch Urioste bizirik atera zirenetako bat izan zen, eta kontatzen du istripua ez zela eguraldi txarragatik izan, une hartan esan zen bezala, "baizik eta giza akats baten ondorioz. Nik argi daukat".

Argentina, Txile eta Uruguaiko hegazkinek zorigaiztoko abioia bilatu zuten, baina inork ez zuen fuselaje zuria elurretan ikusi. Horrela, mendiko baldintza gogorrak zeintzuk ziren jakinda, erreskate-taldeek norbait bizirik aurkitzeko zituzten itxaropenak murrizten hasi ziren, ezbeharra gertatu eta 8 egunera bilaketa bertan behera utzi zuten arte.

''Bizitzeko borrokan jarraitzera bultzatu gintuena gure familienganako maitasuna izan zen''
''Bizitzeko borrokan jarraitzera bultzatu gintuena gure familienganako maitasuna izan zen''
''Bizitzeko borrokan jarraitzera bultzatu gintuena gure familienganako maitasuna izan zen''

play icon 1:13

Elurretan galduta emandako 72 egunetan, eta irrati txiki baten bitartez haien bila ez zebiltzala jakinda, bizirik atera zirenek hainbat zorigaitzi aurre egin behar izan zieten. Eguzkitako betaurrekoak inprobisatu zituzten elurraren itsutasuna saihesteko, eserlekuetako zorroak erabili zituzten muturreko hotzetik babesteko, eta ur edangarria lortzeko sistema bat ere asmatu zuten elurra urtuz. Hala ere, janaria urria zen.

''Elurrez inguratuta egon arren, benetan zaila izan zen ura lortzea''
''Elurrez inguratuta egon arren, benetan zaila izan zen ura lortzea''
''Elurrez inguratuta egon arren, benetan zaila izan zen ura lortzea''

play icon 0:26

Zituzten elikagai apurrak errazionatu ondoren, jatekoa bukatu egin zen astebetera. Glaziarrean ez zegoen inolako baliabiderik lortzeko modurik, eta, ondorioz, bestelako aukerarik gabe, bizirik atera zirenek hildako lagun, kide eta senideen gorpuen haragia jatea erabaki zuten. Biziraun zuenetako batek, Roberto Canessak, antropofagiara jotzea erabaki zuteneko unea deskribatu zuen: "Gure gorputzak bizirik jarraitze hutsarekin kontsumitzen zirelako sentsazioa genuen. Denbora gutxian, goseari aurre egiteko ere ahulegi egongo ginen. Bagenekien erantzuna, baina izugarriegia zen hari aurrez aurre begiratzeko. Gure lagun eta taldekideen gorputzek, kanpoko elurretan eta izotzetan kontserbatuta zeudenek, bizirik irauten lagun ziezaguketen proteina bizigarriak zituzten. Baina, prest al geunden?".

''Azkenean, elkarri eskaini genion geure burua hiltzen baginen, bestearen elikagai izateko''
''Azkenean, elkarri eskaini genion geure burua hiltzen baginen, bestearen elikagai izateko''
''Azkenean, elkarri eskaini genion geure burua hiltzen baginen, bestearen elikagai izateko''

play icon 1:26

Istripua izan eta 61 egunera, abenduaren 12an, bizirik atera zirenetako hiruk mendietan zehar espedizio bat abiatu zuten laguntza bilatzen saiatzeko. Bi eguneko ibilaldiaren ostean, horietako bat kanpamentura itzuli zen, eta beste biek bilaketarekin jarraitu zuten, harik eta abenduaren 20an Txileko mandazain batekin topo egin zuten arte. Horrek Txileko Armadari eman zion bizirik atera zirenen berri, helikopteroz galdutakoak erreskatatzeko. Hala, glaziarrean 72 egun eman ondoren, abenduaren 22tik 23ra bitartean erreskatatu zituzten 16 gazteak.

''Indartsuenak aukeratu genituen laguntza bila atera zitezen''
''Indartsuenak aukeratu genituen laguntza bila atera zitezen''
''Indartsuenak aukeratu genituen laguntza bila atera zitezen''

play icon 1:25

Egoera normal batean, bilaketa- eta erreskate-taldeek hildakoen gorpuzkiak berreskuratu ohi dituzte, ehorzteko; hala ere, egoera nolakoa zen ikusita, eta agintariek eta biktimen senideek hala eskatuta, istripua gertatu zen lekutik gertu lurperatzea erabaki zuten, hobi komun batean.

Bizirik atera zirenak:

1. Adolfo Luis Strauch Urioste

2. Alfredo Daniel Delgado Salaberri

3. Avaro Mangino Schmid

4. Antonio Jose Vizintin Brandi

5. Carlos Paez Rodriguez

6. Daniel Fernandez Strauch

7. Eduardo Jose Strauch Urioste

8. Fernando Seler Parrado Dolgay

9. Gustavo Zerbino Stajano

10. Javier Alfredo Methol Abal

11. Jose Luis Nicolas Inciarte Vazquez

12. Pedro Algorta

13. Ramon Mario Sabella Barreiro

14. Roberto Fernando Jorge François Alvarez

15. Roberto Jorge Canessa Urta

16. Roy Alex Harley Sanchez

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Hegazkin istripuak albisteak Eguneko albisteak Albisteak Buenos Airesko albisteak Txileko albisteak Zer gertatzen da Montevideon? Latinoamerikako albisteak