Mundua -

Brasilgo hauteskundeak

Lula da Silvak irabazi du lehen itzulian, eta Bolsonaro izango du aurkari bigarrenean

Langileen Alderdiko buruzagiak botoen % 48,39 eskuratu ditu, eta ultraeskuindarrak, % 43,23. Inkestek iragartzen zutena baino tarte estuagoa izan da bi hautagaien artean eta, hala, ikusteko dago zer gertatuko den urriaren 30ean, bigarren itzulian.

Lula da Silva, bart. Argazkia: EFE
Lula da Silva, bart.
Uste baino emaitza estuagoaren ostean, Lula eta Bolsonaro aurrez aurre izango dira bigarren itzulian

0:36

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidente ohi eta Langileen Alderdiko buruzagia eta Jair Bolsonaro egungo presidente eta hautagai ultraeskuindarra lehiatuko dira Brasilgo hauteskundeen bigarren itzulian, atzoko bozetan ezein hautagaik ez baitu babesaren % 50eko langa gainditu. 

Lehen itzuliaren emaitza —Lulak, % 48,3 eta, Bolsonarok, % 43,2— espero baino estuagoa izan da, bai behintzat inkestek aurreikusten zutena oinarri hartuta. Izan ere, galdeketen arabera, Da Silvak aise gainditu behar zuen Bolsonaro (14 puntuko aldea aterako ziola uste zen), eta babesen erdia ere eskuratuko zuela iragartzen zuenik ere bazen.

Botoen ia % 100 zenbatuta dagoela, bost puntuko tartea baino ez dio atera buruzagi aurrerakoiak ultraeskuindarrari. Horrenbestez, garaipen gazi-gozoa eskuratu du Lula da Silvak.

Boto kontaketa gorabeheratsua izan da oso. Bolsonaro izan da nagusi hasieratik, baina botoen % 70 zenbatuta zegoela, balantza irauli eta Lula jarri da aurretik. 

Lularen jarraitzaileen hasierako poza desegiten joan da zenbaketak aurrera egin ahala eta emaitza estua baieztatzen zela ikusita.

Abstentzioa % 20,94koa izan da, duela lau urte baino apur bat altuagoa (% 20,30).

Bi hautagaiek bigarren itzulia irabaziko dutela diote

Emaitzak ezagututa, jende aurrera atera dira bi hautagaiak. Lulak, irribarretsu, bigarren itzulian nagusitu egingo dela azpimarratu du, Brasilgo Presidentetza berriro eskuratuta (2003 eta 2010. urteen artean izan zen presidente). 

Aitortu duenez, emaitza espero baino estuagoa izan da, baina perspektibarekin begiratu behar zaiola erantsi du: "Gaurkoa balioan jartzeko duela lau urte gertatutakoa hartu behar dugu gogoan. Politikatik kanpo zegoen pertsona nintzela uste zuten". 2018ko hauteskundeak kartzelatik jarraitu zituen Lulak, ustelkeriagatik zigortu baitzuten. 

Bolsonaro serioago agertu da jarraitzaileen aurrera. "Badago aldaketarako borondatea", onartu du, baina urriaren 30eko bigarren itzulian gailenduko dela azpimarratu du. 

Hauteskunde kanpainan ez bezala, buruzagi ultraeskuindarrak ez ditu oraingoan ustezko irregulartasunak aipatu. Dena dela, inkesten fidagarritasuna zalantzan jarri du berriro.

Bolsonaro, aurpegi serioarekin, bart eskainitako prentsaurrekoan.

Eskualdeko hauteskundeak

Presidentetza hauteskundeak ez ezik, eskualdeko eta Kongresu Nazionala berritzeko bozak ere izan dira igandean.

Eskualdeko hauteskundeetan, ultraeskuinak hiru estatu garrantzitsu bereganatu ditu (Rio de Janeiro, Brasilia eta Parana), eta Sao Paulon garaipen zabala lortu du. 

Azken hori izan da, agian, emaitza harrigarriena. Sao Paulo Brasilgo estatu aberats eta jendetsuena da (46 milioi biztanle). Inkestek ziotenaren kontra, Tarcisio de Freitas Bolsonaroren ministro ohiak irabazi du (% 42), Fernado Haddad Lularen hautagaiari (% 35) aurrea hartuta. Bigarren itzulian erabakiko da nork zuzenduko duen estatua. 

Rio de Janeiron Claudio Castro gobernadore eta Bolsonaroren alderdikidea hautatu dute berriro, botoen % 58. Galdeketek aurreikusitakoaren gainetik, Marcelo Freixo Lularen hautagaiak halako bi eskuratu du Castrok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen ari da munduan? Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Brasil azken ordukoa Latinoamerikako azken ordukoa Hauteskundeak gaur