Mundua -
Ukraina
Errusiak urratsa egin du lurralde okupatuak atxikitzeko, galdeketetan babes masiboa izan duela iragarrita
Agintari errusiazaleek iragarri dute legez kanpoko erreferendumetako boto emaileen % 97k babestu dutela Errusiarekin bat egitea.
EITB MEDIA
Errusiak pauso erabakigarria eman du gaur Ukrainan okupatuta dituen lurraldeak atxikitzeko. Izan ere, lurralde horietako agintari errusiazaleek iragarri dute boto emaileen % 97k babestu dutela Errusiarekin bat egitea, ostiralean abiatutako legez kanpoko erreferendumetan.
Hain zuzen ere, Donetsken, Luhansken, Khersonen eta Zaporizhian egin dituzte galdeketak, gerra garaian, mehatxu militarren artean eta inolako berme demokratikorik gabe.
Ostiraletik, gaur baino ezin izan da bozkatu hauteslekuetan. Gainerako egunetan, agintari errusiazaleak etxez etxe joan dira, militarrekin batera, botoak jasotzeko.
Emaitzak iragarri baino lehenago, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak iragarri zuen Errusiako sistema juridikoa eta Gobernua prest daudela ukrainar lurraldeak atxikitzeko.
Bien bitartean, Errusiako Senatuak aurreratu du urriaren 4an eztabaidatuko dutela lurralde horien atxikitzea.