Mundua -

ERRUSIAKO GASA

Zenbait gobernuk uste dute Nord Stream 1 eta 2 gasbideetan izandako ihesen atzean sabotajea egon daitekeela

Hiru gas ihes izan dira: bat, Nord Stream 2 gasbidean, eta bi, Nord Stream 1ean. Biak ala biak zerbitzutik kanpo daude. Europako Batzordeak saihestu egin du sabotajeen inguruan "espekulatzea", oraindik ez baitauka "elementurik" arazoen zergatia ezagutzeko.

Nord Stream gasbidea (artxiboko irudia). Argazkia: EFE
Nord Stream gasbidea (artxiboko irudia)
Danimarkak larrialdi energetikoa ezarri du Nord Stream gasbidean izandako zenbait ihesengatik

0:36

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Danimarkako Gobernuak larrialdi energetikoa ezarri du elektrizitatearen eta gasaren sektoreetan, azken orduetan Nord Stream 1 eta 2 gasbideetan hiru gas ihes antzeman ondoren. Testuinguru horretan, ihesak gertatu diren gunetik bost itsas miliara nabigatzea debekatu du, baita kilometroko eremuan hegazkinak igarotzea ere.

Bertako agintariek zabaldutako informazioaren arabera, hiru gas ihes izan dira guztira: bat, Nord Stream 2 gasbidean, eta bi, Nord Stream 1ean. Lehenengoa Baltikoan gertatu da, Danimarkako uretan, eta beste biak Danimarkako eta Suediako uretan.

"Hodiak haustea oso gutxitan gertatzen da, horregatik uste dugu arrazoiak daudela larrialdi maila handitzeko. Azpiegituraren zaintza areagotu nahi dugu hornidura bermatzeko", adierazi du ohar batean.

Nord Stream 1 eta 2 gasbideak zerbitzutik kanpo daude. Lehenak asteak daramatza itxita Errusiak olio ihesa iragarri ondoren, eta bestea ez da inoiz martxan egon. 

Sabotajearen susmoak

Nord Stream 1 eta Nord Stream 2 gasbide errusiarretan atzemandako hiru ihesak sabotajearen ondoriozkoak izan daitezkeen susmoak daude. 

Errusiako Gobernua "oso asaldatuta" agertu da bi gasbideetako hiru hodik aldi berean jasan dituzten kalteengatik, eta Dimitri Peskov Errusiako Presidentetzako bozeramaileak ziurtatu duenez, "ezin da baztertu inolako aukerarik".

Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroak ere "sabotaje ekintza" bat izan dela esan du. "Argi eta garbi ikus dezakegu sabotaje ekintza bat dela, Ukrainan aurre egiten ari garen egoeraren igoeran hurrengo etapa markatuko duena", adierazi du.

Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroak adierazi duenez, "zaila da imajinatzea" ihesak "ustekabekoak" izan direnik, Kremlinek aukerarik ez baztertzea eskatu ostean. Azpimarratu duenez, "ezin da baztertu" sabotajea izan denik, eta, "ondorioak ateratzeko goiz" dela onartu arren, "ezohiko egoera" dela esan du.

Ukrainako Gobernuak "Errusiak planifikatutako eraso terrorista" izan dela esan du zuzenean, sabotajearen hipotesiarekin bat eginez. Mykhailo Podolyak Presidentetzako aholkulariak adierazi duenez, Errusiak, "eraso" honekin, Europako "egoera ekonomikoa ezegonkortu" eta "negua baino lehen izua eragin" nahi du. "Erantzunik onena", bere ustez, Ukrainara laguntza militar gehiago bidaltzea da.

Europako Batzordeak, bestalde, saihestu egin du sabotajeen inguruan "espekulatzea", oraindik ez baitauka "elementurik" arazoen zergatia ezagutzeko. "Ez dugu espekulatuko sabotajea den ala ez. Ez dugu informazio nahikorik ihesen arrazoia zehazteko", adierazi du Eric Mamer Europako Batzordeko bozeramaileak prentsaurrekoan.

Alemaniako Tagesspiegel egunkariaren arabera, bi gasbideen aurkako ustezko erasoen egiletzaren inguruan bi aukera aztertzen ari dira. Alde batetik, Ukrainako indarren edo Ukrainarekin zerikusia duten indarren ekintza izan daitekela ustea da; bestetik, Errusiaren "bandera faltsu" erasoa izatea, zalantza gehiago sortzeko eta, beharbada, gasaren prezioa berriro igotzeko. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Europa bideoak Errusia argazkiak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Danimarka albisteak Gas naturala Polonia