Mundua -
fiona urakana
Pertsona bat hil da, eta 800dik gora lekualdatu behar izan dituzte Dominikar Errepublikan urakanaren ondorioz
Gainera, milaka pertsona energia elektrikorik gabe daude, ibaiak gainezka daude, eta hainbat zuhaitz eta zubi bat eraitsi ditu denboraleak. Lurralde osoak alerta egoeran jarraitzen du.
agentziak | eitb media
Fiona urakanaren ondorioz, 72 urteko gizon bat hil da astelehen honetan, eta 789 pertsona euren etxeetatik lekualdatu behar izan dituzte Dominikar Errepublikan. Ezbeharra Naguako (herrialdearen ipar-ekialdea) udalerrian gertatu da, bere etxeko zuhaitz bat kimatu bitartean hura gainera erori zaionean, Franklyn Taveras hiriko Defentsa Zibileko zuzendariak jakinarazi duenez.
Larrialdietako Operazio Zentroaren (COE) txosten baten arabera, urakanaren ondorioz, 11.500 pertsona baino gehiago energia elektrikorik gabe daude. Gainera, ibaiek gainezka egin dute, Duarte autobidetik gertu dagoen zubi bat erori da (herrialdeko trafikorik handiena duen autobidea), eta elektrizitate-posteak eta zuhaitzak eraitsi ditu.
Gobernuak larrialdi-eremu izendatu ditu euriteek eta haizeek gehien kaltetutako probintziak: La Altagracia, La Romana, El Seibo, Hato Mayor eta Monte Plata, herrialdearen ekialdean, eta Maria Trinidad Sanchez, Duarte eta Samana, ipar-ekialdean.
Luis Abinader Dominikar Errepublikako presidenteak astelehen honetan prentsaurreko batean iragarri duenez, gaur, irailak 20, La Altagraciara joango da, urakanak gehien kaltetu duen guneetako batera, hain zuzen. Bertan jarriko dute urakanak eragindako kalteak artatzeko bi guneetako bat.
Gaurko aurreikuspenak
Agintariek iragarri dutenez, datozen orduetan, ekaitzak herrialdea astintzen jarraituko du urakanak gehien kaltetutako lekuetan, eta alerta egoeran jarraituko du lurralde osoak, baita Dominikar Errepublikako hiriburuek eta probintziek ere, kalte gutxien izan dituzten guneek.