Mundua -
fina urakana
Fiona urakana Dominikar Errepublikara iritsi da, Puerto Rico astindu ondotik
Urakana bart sartu da herrialdearen ekialdetik, 140 kilometroko orduko haize-ufadekin. Herrialde osoa alerta egoeran dago.
agentziak | eitb media
Fiona urakana Dominikar Errepublikako kostaldera sartu da astelehen honetan, goialdeko 04:00etan (bertako ordua), San Rafael lurmuturretik (herrialdearen ekialdea), 140 kilometro orduko haize-boladekin, Meteorologia Bulego Nazionalaren (Onamet) arabera.
Datozen orduetan urakana herrialdean zehar mugituko dela aurreikusten da. Ondorioz, herrialde osoa alerta egoeran dago (hamahiru probintzia maila gorrian eta hemezortzi horian). Halaber, gaurko egunez ez da eskolarik emango, ezta lanegun izango.
Eguraldiaren iragarpenen arabera, 100-300 milimetro euri pila daitezke egunotan, alabaina, ez da baztertzen kopuru hori 450 milimetrora iristea zenbait gunetan. Gauzak horrela, uholde arriskua ezarri dute, baita lur-irristatze abisua ere herrialdeko hainbat probintzitan.
Zikloi-denboraldiko hirugarren urakana da Fiona. Mendebalde/ipar-mendebalderantz mugitzen da, 15 km/orduko abiaduran. Haize urakanatuek 45 kilometroko abiadura hartzen dute urakanaren erdigunetik at, eta ekaitzek, berriz, 220 kilometrokoa. Dominikar Errepublikatik Saffir-Simpson eskalan 2. kategorian aldenduko dela espero da; gehienez 5 kategorian.
Puerto Rico gogor astindu ondotik heldu da Dominikar Errepublikara. Bertan, kalte "katastrofikoak" eragin zituen; hala nola, itzalaldi orokorrak eta uholde esanguratsuak, ondorengo irudietan ikus daitekeen moduan.