Mundua -
krisi energetikoa
Zeintzuk dira orain Europan gasa sartzeko aukerak?
Errusiak Nord Stream 1 gasbidea itxi ostean, Europa hornitzen duten beste hiru gasbide nagusien egoera aztertu dugu.
eitb media
Nord Stream 1, Errusiatik Europara gasa bidaltzeko lau gasbide nagusietako bat, iparraldekoa alegia, itxi du Errusiak.
Gazpromek ostiralean iragarri zuenez, gas hornidura erabat etengo du Errusia eta Alemania lotzen dituen gasbide horretatik, orain arte funtzionatzen zuen estazio bakarrean mantentze lanak egiten ari zirela atzeman duten olio ihes bat dela eta.
Europako Batzordeak "aitzakia faltsuak" argudiatzea egotzi dio Errusiari, eta Siemens Energy enpresaren arabera, Gazpromek emandako azalpena "ez da operazioak eteteko" bezain larria.
Badira, ordea, Europa hornitzeko gasbide gehiago.
Turkstream
Turkiako Turkstream irekita dago, eta horrek ere hornitzen du Europa gas errusiarrez, Serbia eta Bulgaria bitartez. Hain zuzen ere, Hungariak areagotu egin ditu gas inportazioak.
Berriki zabaldu zuten Turkstream, 2020an, baina, edonola ere, Europarako hornidura salbatzeko inbertsio handia beharko luke.
Gerra hasi zenetik, Hungariak harreman pragmatikoa mantendu du Moskurekin eta horrek hautsi du Europan dagoen batasuna, baina Hungariak areagotu ditu gas inportazioak.
Turkiak oso posizio estrategikoa dauka, bai Errusiatik gasa inportatzeko, bai beste herrialde edo ekoizleetatik egiteko ere, Iran edo Qatarretik, esate baterako.
Ankara behin eta berriro azaldu da laguntzeko prest krisi energetikoa piztu zenetik, baina horretarako ezinbestekoa da azpiegituretan inbertsio handiak egitea.
Polonia eta Ukrainan barrena
Jamal gasbidea da beste nagusienetako bat, Poloniatik igarotzen dena, baina jarioa etenda du iragan maiatzetik.
Ukrainatik barrena ere jasotzen du Europak gasa baina, kasu honetan, emaria oso murriztuta dauka.
Bestalde, Paolo Gentiloni Europako Ekonomia komisarioak larunbat honetan baietsi duenez, Europar Batasuna "prest dago" gas errusiarraren etenaldirako, baina Errusiak haren kontratuak errespetatzea espero du.
"Espero dugu Errusiak dituen kontratuak errespetatzea, baina energiaren arma gisako erabilerak jarraitzen badu edo areagotzen bada ere, EB prest dago erantzuteko", esan du.