Mundua -

Energia

"Aitzakia faltsuak" erabiltzea egotzi dio Bruselak Moskuri Nord Stream gasbidean hornidura eteteko

G-7ak gasaren prezioari muga jartzea erabaki eta ia berehala iragarri du Gazpromek etenaldia. Zazpiko taldeak Errusiaren diru-sarrerak eta gerra finantzatzeko ahalmena murrizteko "bereziki diseinatu" du neurria, eta, era berean, energiaren prezioa mugatzea du xede.

Gazpromen egoitza nagusia San Petersburgon. Argazkia: Efe
Gazpromen egoitza nagusia San Petersburgon
Gazpromen egoitza nagusia San Petersburgon. Argazkia: Efe

agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batzordeak "aitzakia faltsuak" argudiatzea eta "zinikoa" izatea egotzi dio Errusiari, Nord Stream gasbidean hornidura erabat eteteko erabakia zuritzeko. Errusiaren arabera, olio isuria egon da martxan dagoen estazio konpresore bakarrean.

"Gazpromek egindako iragarpenak, Nord Stream 1 gasbidea berriro eteteko aitzakia faltsuak erabilita, baieztatu egiten du ez duela fidagarritasunik hornitzaile moduan. Era berean, Errusiak modu zinikoan jokatzen ari dela erakusten du, nahiago baitu gasa erretzea, kontratuak bete baino", baieztatu zuen Eric Mamer Europar Batzordeko bozeramaleak, Twitterren duen kontu ofizialean.

Europarako gas hornidura berrabiarazi behar zuen egunaren bezperan etorri da Gazpromen iragarpena -bere gaitasunaren % 20ra ari zen-, ekipo konpresorearen turbinaren mantentze lanak bukatutzat emanda. Alabaina, G-7ak gasaren prezioari muga jartzea erabaki eta ia berehala iragarri du Gazpromek etenaldia.  AEBk, Erresuma Batuak, Frantziak, Italiak, Kanadak, Alemaniak eta Japoniak osatzen duten taldeak Errusiaren diru-sarrerak eta gerra finantzatzeko ahalmena murrizteko "bereziki diseinatu" du neurria, eta, era berean, energiaren prezioa mugatzea du xede.

Errusiako Gainbegiratze Teknikorako Zerbitzu Nazionalak emandako abisuaren arabera, ezinezkoa izango zen turbina segurtasunez erabiltzea, atzemandako arazoa dela eta.

Hori dela eta, horrek ezinezko egiten zuen gasaren hornidura larunbatean berrabiaraztea, aurreikusita zegoen bezala, hiru egun iraun behar zuten mantentze lanak bukatutakoan.

Gas konpainiaren esanetan, Siemens Energy Nord Streameko turbinen mantenze lanak egiten dituen enpresak egiaztatu du akatsa. Aldiz, Siemens Energyk ordu batzuk beranduago zabaldu duen ohar batean adierazi duenez, Gazpromek emandako azalpena "ez da operazioak eteteko" bezain larria. 

Siemens Energyk dioenez, "horren moduko filtrazioek ez dute turbinaren lana oztopatzen, eta lekuan bertan konpon daitezke", ekoitzi duen enpresak esku hartu behar izan gabe. "Ohiko prozesua da", gaineratu du enpresak aipatutako oharrean.

Izan ere, aipatu du beste batzuetan, horren moduko arazoek ez zuten "operazioen etenaldia" ekarri, Gazpromek ostiralean egin bezala, Europarentzat gakoa den gasbidea inaktibo utzita. 

Aste honetan, Gazpromeko presidente Alexei Millerrek esan du ezinezkoa dela lantegi espezializatu batean turbinak konpontzea, Mendebaldeak ezarritako zigorren ondorioz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Errusia Alemania Eguneko albisteak Albisteak Gas naturala Errusia-Ukraina gerra