Mundua -

Energoa

Gazpromek erabat eten du Alemaniarako gas hornidura, olio ihes batengatik

"Ekipoen funtzionamenduaren akatsa konpondu arte, Nord Stream gasbidetik igarotzen den gasa erabat etenda geratuko da", jakinarazi du Errusiako gas enpresak.

Nord Streameko estazio bat. Argazkia: EFE
Nord Streameko estazio bat.
Nord Streameko estazio bat. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazpromek iragarri du gas hornidura erabat etengo duela Errusia eta Alemania lotzen dituen Nord Stream 1 gasbidetik, orain arte funtzionatzen zuen estazio bakarrean mantentze lanak egiten ari zirela atzeman duten olio ihes bat dela eta.

"Ekipoen funtzionamenduaren akatsa ezabatu arte, Nord Stream gasbidetik igarotzen den gasa erabat etenda geratuko da", esan du Gazpromek.

Beraz, gas-fluxua ez da bihar, larunbata, berrekingo, hiru egun iraun behar zuten mantentze-lanen ondoren aurreikusita zegoen bezala. Gasbidea edukieraren % 20an lan egiten ari zen.

Enpresaren arabera, Nord Streameko turbinen mantentze lanez arduratzen den Siemens konpainiako ordezkariek egiaztatu dute akatsa. Era berean, Errusiako Ikuskapen Teknikoko Zerbitzu Federalak ohartarazi du arazoak ez zuela uzten turbinaren ustiapen segurua bermatzen.

"Zentzu horretan, beharrezko neurriak hartu behar dira eta Trent 60 turbinaren operazioak bertan behera utzi, detektatu diren urraketa larriengatik", dio oharrak.

Gazpromen arabera, lehenago ere antzeko ihesak detektatu dira beste hiru turbinatan, eta horiek guztiz deuseztatzea soilik tailer espezializatu batean da posible, Siemens aipatuta.

Aste honetan, Gazpromeko presidente Alexei Millerrek esan du ezinezkoa dela lantegi espezializatu batean turbinak konpontzea, Mendebaldeak ezarritako zigorren ondorioz.

"Siemensek gaur egun ia ez du gaitasunik gure turbinen berrikuspen erregularrak emateko. Siemensek ez du zertan lan horiek egin", esan du Millerrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Errusia Alemania Eguneko albisteak Albisteak Gas naturala Errusia-Ukraina gerra