Mundua -
Erresuma Batua
Ekonomia ministroak Johnson ordezkatzeko hautagaitza aurkeztu du
Nadhim Zahawik bere hitza eman du, aukeratua izanez gero, hartuko dituen neurrien artean familiei eta enpresei zergak murriztea izango dela, defentsa-gastua handituko duela eta Hezkuntzan erreformak aplikatuko dituela.
agentziak | eitb media
Nadhim Zahawi Ekonomia ministro britainiar berriak larunbat honetan iragarri duenez, hautagaitza aurkeztuko du Boris Johnson ordezkatzeko lider kontserbadore eta lehen ministro gisa, Grant Shapps Garraio ministroak gauza bera egin ondoren.
Hedabideei haren asmoa helarazi ostean, Zahawik hitz eman du hautatzen badute zergak jaitsiko dizkiela familia eta enpresei, defentsa gastua areagotuko duela eta erreformak egingo dituela Hezkuntza sisteman.
Zahawik, aurretik Hezkuntza ministro izandakoak, Rishi Sunak ordezkatu zuen joan den astean, horrek Ekonomia arduradun kargua utzi ostean, Johnsonen kudeaketaren aurkako protestan.
"Nire helburua sinplea da: nire belaunaldiari eman zizkioten aukerak ematea, britainiar guztiei, direnak direla eta datozen lekutik datozela", gaineratu du jatorri irakiarra duen Zahawik.
Lehenxeago, Garraio ministroak bere hautagaitza iragarri du Sunday Times egunkariaren orrialdeetan. Johnson ordezkatzera heltzekotan, larrialdiko aurrekontua prestatzeko asmoa baietsi du, besteak beste zergen murrizketa eta energia kontsumo handia duten enpresentzako laguntzak jasoko lituzkeena.
Zahawiz eta Shappsez gain, aurkezteko asmoa azaldu dute Sunakek, Tom Tugendhat Komunen Ganberako Kanpo batzordeko presidenteak, Suella Braverman fiskal nagusiak eta Kemi Badenoch berdintasunerako Estatu idazkari ohiak.
Litekeena da datozen egunotan alderdiko izen garrantzitsuek euren asmoak helaraztea; tartean Sajid Javid Osasun ministro ohiak, Liz Truss uneko Kanpo ministroak edo Jeremy Hunt Foreign Office-ko ministro izandakoak.
Beste faboritoetako batek, Ben Wallace Defentsa ministroak, baztertu egin du larunbat honetan primarioetan aurkeztea, Twitterreko bere kontuan adierazi baitu herrialdeko segurtasuna mantentzen jarraituko duela buru-belarri.
Datorren astelehenean, 1922 Komiteak, karterarik gabeko diputatu kontserbadoreak biltzen dituenak, zuzendaritza hautatuko du eta buruzagi berria aukeratzeko egutegia ezagutzera emango du.
Johnsonek dimisioa eman behar izan zuen, bere Gobernuko 50 kidek baino gehiagok dimisioa aurkeztu ondoren, bere kudeaketa eta azken hilabeteetako eskandaluak salatzeko, besteak beste, Downing Streeteko egoitzan izandako jaietakoa pandemian.