Mundua -

Erresuma Batua

Zentsura mozioa gaindituta, Johnsonek britainiarren lehentasunetan lanean jarraituko duela agindu du

Erresuma Batuko 'premier'-ak Kabinetearen bilera gidatuko du gaur, eta ministroei eskatuko die "familien gaineko finantza-presioak arintzeko, osasun-zerbitzuetarako sarbidea azkartu eta errazteko, kaleak seguruagoak izateko eta herrialdea batzeko".

Boris Johnson, Downing Streeten. EFEren artxiboko argazkia.
Boris Johnson, Downing Streeten. EFEren artxiboko argazkia.
Boris Johnsonek britainiarren lehentasunetan lanean jarraituko duela agindu du

0:26

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Partygate-aren auziagatik bere aurkako zentsura mozioa gainditu eta biharamunean, Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak mahukak bildu, eta "herritar britainiarrei axola zaion horretan" lanean jarraituko duela agindu du.

"Gobernu honek emaitzak lortzen ditu herrialdeko biztanleriarentzat kezka iturri nagusi den gaietan", adierazi du, eta "lehentasun horien" aurrean erantzunak ematen jarraitzeko konpromisoa hartu du. "Herri britainiar langilearen alde gaude eta lanari ekingo diogu", gaineratu du.

Downing Streetek ohar batean azaldu duenez, Johnsonek Kabinetearen bilera gidatuko du gaur, eta ministroei "familien gaineko finantza-presioak arintzeko, osasun-zerbitzuetarako sarbidea azkarrago eta errazago egiteko, kaleak seguruagoak izan daitezen eta herrialdea batu eta aurrera egin dezaten" eskatuko die.

Johnsonek astelehen arratsaldean gainditu zuen Alderdi Kontserbadoreko diputatuek aurkeztutako zentsura-mozioa, 211 babes-boto lortu zituen, eta 148k hura kanporatzearen alde bozkatu zuten. Bozketa ostean, lehen ministroak nabarmendu zuen emaitza "sinesgarria" eta "eztabaidaezina" dela, eta txartela ematen diola Gobernuari lanean jarraitzeko. 

Theresa Mayk bere egunean lortu zituen aldeko 226 botoak baino gutxiago lortu ditu, eta hori zaplazteko gogorra da agintariarentzat. Barne-zentsura mozioa gainditu eta sei hilabetera utzi zuen Mayk kargua. Alderdi Kontserbadorearen barne araudiaren arabera, Johnsoni ezin zaio beste zentsura-mozio bat ezarri hamabi hilabete barru arte, eta, beraz, bere lidergoa ez da epe horretan, behintzat, arriskuan izango.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Boris Johnson