Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Joe Biden, Texasko eskola batean tiroketa gertatu ondoren: "Noiz egingo diogu aurre armen lobbyari?"
Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen esanetan, suzko armen erabilera arautzeko garaia da. Texasko lehen hezkuntzako eskola batean gertatutako tiroketan, gutxienez 22 pertsona hil dira, tartean 19 haur eta bi irakasle.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Texasko lehen hezkuntzako eskola batean gertatutako tiroketan, gutxienez 22 pertsona hil dira, tartean 19 haur eta bi irakasle. Gertaera horren harira, armen erabilera arautzeko garaia dela esan du Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak.
"Noiz egingo diogu aurre armen lobbyari?", galdetu du. Asiara egin duen bidaiatik itzuli berritan, gertaera hauengatik "nazkatuta eta nekatuta" dagoela azpimarratu du.
"Nekatuta nago. Esku hartu behar dugu. Denok dakigu zer egin behar den", adierazi du presidente estatubatuarrak, hunkituta.
Ameriketako Estatu Batuetako eraikin ofizialetako banderak masta erdian egongo dira larunbatera arte, hildakoak gogoan.